Ekonomia -

Gobernuaren kontrolerako saioa

Rajoy: 'Europak banku batasuna behar du, eurobonuekin'

Integrazio fiskala eta banku batasuna defendatu ditu Gobernuko presidenteak. Eurobonuen, banku sistemaren ikuskatzaile baten eta gordailuen bermerako Europa mailako funtsaren alde egin du Rajoyk.

Mariano Rajoy eta Cristobal Montoro. EFE
Mariano Rajoy eta Cristobal Montoro. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europak integrazio fiskala eta banku batasuna behar dituela defendatu du astearte honetan Mariano Rajoyk, eta proposamenok ekaineko Europako Kontseilura eramango dituela aurreratu du.

"Europar Batasunak nora doan esan behar du. Euroaren proiektua atzeraezina dela eta kolokan ez dagoela esan behar du. Zailtasunak dituenari lagundu beharra dauka. Agintaritza fiskal bat jarri beharra du Europa mailan, eta banketxeen integrazioa bilatu behar du: banketxeen bat-egitea eurobonuen bitartez, ikuskatzaile batekin eta bermerako funtsarekin", adierazi du Rajoyk Gobernuaren kontrolerako saioan, Senatuan.

Urtea ondo joango ez dela aurreratu du presidenteak, baina martxan jartzen ari diren neurriek etorkizunean fruituak emango dituztela azaldu du.

PSOEren kritikak

Marcelino Iglesias PSOEko senatariak esan du azaroan ekonomia ez zegoela ondo, baina egun ''larrialdi egoeran'' dagoela ''etengabe''. Iglesiasen hitzetan, ''itsuan'' dabil Gobernua azarotik, kontraesanetan, eta murrizketak abiadura handiz ezartzen. Horrek guztiak, ''harridura'' eragin du Europar Batasunean, Iglesiasen hitzetan.

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruaren ustez, finantzak erreformatzeko Europari dirua eskatzea ''ez da doakoa''. Laguntzaren truke, ordainak eskatuko dituztela ohartarazi du Rubalcabak, eta horietako batzuk ''onartezinak'' dira sozialisten ustez. Haren ustez, beraz, Espainiak bere baliabideekin egin behar dio aurre egoerari.

Rubalcabak adierazi duenez, Rajoyk Europako funtsetara jotzea beharrezkoa ez dela esan duela orain arte. PSOEko buruaren esanetan, gauzak aldatu baldin badira, Gobernuak zer aldatu den azaldu behar du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea