Ekonomia -
Langabezia EAEn
Langabezia bigarrenez jarraian jaitsi dela nabarmendu du Jaurlaritzak
Hala ere, egoera ekonomikoak larria izaten jarraitzen duela adierazi du. Bestalde, maiatzean enplegu bat bilatu duten herritarren artean erdia baino gehiago gazteak direla azpimarratu dute.
Erredakzioa
Javier Ruiz Eusko Jaurlaritzako Antolakuntza eta Enplegu sailburuordeak langabezia bigarren hilabetez jarraian jaitsi izana nabarmendu du.
Ohar batean langabeziak maiatzean EAEn jasandako jaitsiera azpimarratu du, baina egoera ekonomikoak "larria" izaten jarraitzen duela adirazi du.
Hala, langabeziaren urtetik urterako bilakaera ez dela positiboa azpimarratu du Ruizek, iazko maiatzeko datuekin alderatuz gero % 8,47 igo dela adierazi du. Dena den, urtetik urterako datuei begiratuta EAErena baino bilakaera hobea Kataluniak bakarrik lortu duela nabarmendu du.
Datu positibo gisa, Euskadin maiatzean enplegu bat bilatu dutenen artean erdia baino gehiago gazteak direla azpimarratu du Ruizek.
Hala, 25 eta 45 urte arteko tartean 858 langabe gutxiago zenbatu dituztela adierazi dute, eta 367 gutxiago 25 urtez azpiko gazteen artean. 45 urtez gorako herritarren artean, berriz, 237 langabe gehiago zenbatu direla ohartarazi du.