Ekonomia -

Defizita

BEZa igotzea eta erretiro adina atzeratzea exijitu dio EBk Espainiari

Defizita murrizteko beste urtebete ematearen truke, Europak hainbat eskaera egin dizkio Espainiari. Montorok esan du zeharkako zerga batzuk igo egingo dituztela.

Mariano Rajoy Espainiako presidentea. Argazkia: EFE.
Mariano Rajoy Espainiako presidentea. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batzordeak hainbat eskaera egin dizkio Espainiari, defizita murrizteko beste urtebete ematearen truke. Besteak beste, Autonomia Erkidegoetako egonkortasun fiskala areagotzea, BEZa moduko zeharkako zergak igotzea edota erretiro adina atzeratzea exijitu dio Bruselak Espainiari.

Etxebizitzen salmenta areagotzeko etxeen salneurria murriztea eta lan erreformaren aplikazioaren jarraipena egitea ere eskatu dio Europak Espainiari.

Horrez gain, Espainiak egin ditzakeen balizko finantza erreskateen inguruan ohartarazi du Bruselak, Espainiako defizitarentzat "arriskutsuak" izan daitezkeela argudiatuz.

Espainiako defizita % 8,9an dago, eta Europak % 3ra jaistea exijituko dio urte amaieran.

Hala ere, Egonkortasun eta Hazkunde Hitzarmenaren arabera, posible da Europak defizit muga hori betetzeko urtebete gehiago ematea, Espainiak bizi duen egoera ekonomiko larria ikusita.

2013. urtetik aurrera iragarritako neurrien inguruan informazio gutxi jaso duela adierazi du Bruselak eta erakunde guztiek defizit muga bete egin beharko dutela berretsi du.

2010ko Barne Produktu Gordinean, Espainiako BEZa % 5,5a besterik ez zela izan adierazi du Europeak, "Europar Batasuneko txikiena".

Montororen erantzuna

Cristobal Montoro Ogasun ministroak Europak eginiko eskaerei erantzuna eman die. Zeharkako zergen bidez diru-sarrera gehiago lortuko dituztela esan du Montorok, tartean BEZa eta ingurugiroaren inguruko zergak igoz.

Kongresuan egindako agerraldian, Europar Batzordeak egindako gomendioei buruz aritu da Ogasun arduraduna. Defizita murrizteko urtebete gehiagoko epea lortzearen inguruan ez du galderarik erantzun.

Montororen hitzetan, Europar Batzordeak Rajoyren Gobernuak adostutako eta bultzatutako neurrien "garrantzia" goraipatu du gaur.

BEZarekin batera, beste zeharkako zerga asko daudela adierazi du Cristobal Montorok. Diru-sarrerak gehitzeko “beste aukera” batzuk ere aztertuko ditu Espainiako Gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea