Ekonomia -
Marka berria
Arrisku saria neurri gabe igo da, 540 puntuko mailaraino iritsi arte
Espainiako arrisku sariak 540 puntuak gainditu ditu 16.58an. Euroa sortu zenetik inoiz izan duen kopururik altuenean itxi du eguna, 539 puntutan.
Erredakzioa
Merkatuek Espainia zigortzen jarraitzen dute, Financial Times egunkari britainiarraren azken informazioen ondorioz.
Hain zuzen ere, Europako Banku Zentralak (EBZ) Bankia erreskatatzeko plana errefusatu duela esan du egunkariak, baina bi aldeek, Espainiako Gobernuak eta EBZk berak, ukatu egin dute.
Espainiako arrisku saria neurrigabe igo da: saioa 509 puntutan hasi du, baina 12:50ean 540ra iritsi da.
Dena den, Europako Batzordeak erreskate funtsak bankuei zuzenean laguntzea proposatu eta gero arrisku saria apur bat baretzen hasi da eta 527 puntura jaitsi da.
Hala ere, arrisku-saria 540,1 puntura iritsi da arratsaldeko bostak baino pixka bat lehenago, Espainian lehen aldiz.
Era honetan, euroa sortu zenetik inoiz izan duen kopururik altuenean itxi du eguna, 539 puntutan.
Financial Times-en informazioaren ostean, EBZk eta Gobernuak berretsi dute Mariano Rajoyren Exekutiboak ez duela Bankia birkapitalizatzeko planik aurkeztu, eta, horrenbestez, ezinezkoa dela EBZk errefusatu izana.
Hala eta guztiz ere, Espainiako bankuen sektorearen inguruan dauden zalantzak ez dira desagertu, eta merkatuek Espainia zigortzen jarraitu dute.
Luis de Guindos Ekonomia ministroak premiazko agerraldia egin du merkatuak lasaitzen saiatzeko, eta arrisku sariaren igoerak Greziako krisiari egotzi dizkio.
Ministroak ohartarazi du arrisku saria horren maila altuan izatea ez dela "jasangarria", baina Greziako hauteskundeen ostean jaitsi egingo den itxaropena agertu du.
Burtsa 6.090 puntuan kokatu da
Arrisku saria 537 puntutan, Espainiako burtsa % 2,58 jaitsi da eta 6.090 puntuan kokatu da, urteko kopururik baxuena. Urteko galerak jada % 28,90era iritsi dira.
Repsol % 4,91 jaitsi da eta Brent petrolio upela 104 dolarretik behera dago; Telefonicak % 3,47 egin du behera, BBVAk % 1,42 eta Banco Santanderrek % 1,16.
Euroa ere ahuldu egin da, eta 1,2398 dolarretan saldu dute. 2010eko uztailaren 1etik baliorik baxuena da.