Ekonomia -

Krisi ekonomikoa

Rajoy: 'Espainiako bankuek ez dute erreskaterik behar'

Rajoyren hitzetan, euroaren inguruan piztu diren zalantzak argitzeko, Europak monetaren aldeko apustu "argia, tinkoa eta kementsua" egin beharko luke.

Mariano Rajoy Espainiako presidentea. Argazkia: EITB.
Mariano Rajoy Espainiako presidentea. Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arrisku saria 500 puntutan egoteak "finantziazioa zaildu" egiten duela adierazi du gaur Mariano Rajoy Espainiako presidenteak. Zorraren egonkortasuna konpontzeko eta euroaren inguruko zalantzak argitzeko exijitu dio Rajoyk Europari.

Rajoyren hitzetan, euroaren inguruan piztu diren zalantzak argitzeko, Europak monetaren aldeko apustu "argia, tinkoa eta kementsua" egin beharko luke.

Bankiaren egoerari buruz, Rajoyk esan du behin entitatea "onbideratzea" lortzen dutenean, saldu egingo dutela. Estatuak eginiko inbertsioa "berreskuratu" egingo dutela gaineratu du presidenteak.

Horrez gain, Espainiako bankuek "inongo erreskaterik" ez dutela behar berretsi du Rajoyk.

Bankiaren egoera

Bankiaren egoera aztertuko duen batzorde berezi bat sortzearen aurka agertu da Espainiako presidentea.

Bankiari diru publikoa ematea defendatu du Rajoyk, kontrakoa "ezer ez egitea eta porrot egiten uztea" zelako, eta horrek eragin nabarmena izango luke Espainiako bankuen artean.

"Ez da lehenengo aldia Gobernuak diru publikoa ematen diola entitate bati", esan du.

Bankiaren egoerak arrisku sariaren datuan eraginik ez duela izan azpimarratu du Rajoyk baina, berretsi duenez, gehiengo historikoak bizi dituen herrialde batentzat oso zaila izango da finantziazioa lortzea.

"Non gauden esan behar dugu, egia kontatu behar dugu eta, hortik aurrera, erabaki zuzenak adostu behar ditugu", gaineratu du.

Margallo:  "Ez dago erabakita Espainiak erreskate funtsara joan beharko duen"

Jose Manuel Garcia Margallo Kanpo ministroak astelehen honetan esan duenez, "ez dago erabakita" Espainiak Europako erreskate funtsara jo beharko duen bankuei lagundu ahal izateko, banku erakundeen "ebaluazioko lehen fasean" dagoelako.

Gobernuak bankuei laguntzeko Europako erreskate funtsera jo behar zuen galdetuta, ministroak honako hau erantzun du: "Ez dago erabakita, bankuen beharren ebaluazioaren lehenengo fasean gaude, Gobernuaren kezka bankuen oreka bermatzea delako eta, batez ere, espainiarren aurrezkiak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea