Ekonomia -
Eztabaidaren ondoren
Kongresuak onartu egin du lan-erreforma, hainbat aldaketarekin
Hala, langabezi maila % 15etik beherakoa izatera heltzen denean lan-kontratu mugagabe berria desagertu egingo da. PP eta CIUren aldeko botoekin egin du aurrera erreformak.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuak lan-erreformarako lege proiektua onartu du ostegun honetan. Hasierako testuari hainbat aldaketa egin ondoren, lan-erreforma Senatura eramango dute orain, han behin betiko baiezkoa jaso dezan.Lan-erreformak aldeko 25 boto jaso ditu (PPrenak eta CIUrenak). Guztira testuari 656 zuzenketa aurkeztu dizkiote Kongresuan, eta, horien artean, PPk 26 zuzenketaren inguruko akordioa lortu du oposizioarekin (gehienak CIUrekin).
Egindako aldaketa nagusiak
-50 langile baino gutxiago dituzten enpresa txikiek eta ertainek lan-kontratu mugagabe berri bat erabili ahal izango dute. Horren arabera, urtebete egon ahal izango da langile hori proban, eta, urte hori bukatuta, ez du kalte-ordainik izango. Adostutako aldaketari esker, langabezi maila % 15etik beherakoa izatera heltzen denean kontratu mota hau desagertu egingo da.-Kaleratze objektiboa (lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordaina emanda, langileak kaleratzeko aukera ematen du, arrazoi ekonomikoak, antolamendu-arrazoiak, arrazoi teknikoak edo produkzio-arrazoiak badira) egin ahalko da enpresak 9 hilabetez jarraian galerak baditu. Emaitza horiek, edonola ere, aurreko urteko epe berdinarekin konparatu beharko dira.-Absentismoa: Kaleratzea eragiten duten falten kopurua handitu egingo da (Hemendik aurrera, urteko lanaldiaren % 5 (12 edo 13 egun) pasatu beharko da lanera joan gabe absentismoa egotita kaleratzeko. Hasierako testuan 8 egun ziren. Gainera, kanpoan geratuko dira gaixotasun larriek (minbiziak, adibidez) eragindako faltek.-Epea bete duten hitzarmen kolektiboak gehienez urtebete luzatu ahalko dira (hasieran bi urtez luzatu nahi zituzten).-Enpresariak lanaldiaren % 10 (180 ordu) aldatu ahalko du, aurreikusita zegoen % 5aren aldean. Aldaketa, baina, bost eguneko denbora tartearekin iragarri beharko zaio langileari (hasierako proiektuan ez zegoen eperik).
Sindikatuen protestak Kongresuaren atean
CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari orokorrek Kongresuko presidenteari eta talde parlamentarioetako bozeramaileei zuzendutako eskutitza aurkeztu dute ostegun honetan Kongresuan. Bertan, lan-erreformaren kontra bozkatzea eskatu diete alderdiei. Sindikatu horietako hainbat kidek, gainera, protesta egin dute Kongresuko atean.
Gizartearen erantzun ''sendoa'' eskatu dute Euskadin
Euskadin, lan-erreforma ''bidegabe'' eta ''ez eraginkor'' honi erantzun ''sendoa'' ematea eskatu dute CCOO eta UGT sindikatuek.