Ekonomia -
NATOren goi-bilera
Finantza egoera egonkortzeko premiazko neurriak eskatu ditu Rajoyk
Presidentearen hitzetan, 24 orduren buruan indarrean egon litezkeen ''erabakiak hartzea'' da garrantzitsuena. Obamak besteak beste Espainia babestuko duen moneta-politika baten alde ere egin du.
Erredakzioa
Mariano Rajoy presidenteak uste du ''premiazkoa'' eta ''lehentasun'' kontua dela Europar Batasunak finantza-egoeraren egonkortasuna bermatzea. Izenik aipatu gabe, herrialdeek beren zorrak merkatuan berriz finantzatzeko aukera izan dezaten neurriak hartzea eskatu dio Europako Banku Zentralari.
Chicagon egin ditu adierazpenak Rajoyk, NATOren goi-bileran. Asteazkenean Europako 27 kideek Bruselan egingo duten bileraz hitz egin du presidenteak, eta bertan denetarik eztabaidatzeko prest agertu da Rajoy, tartean eurobonoen gaia. Edonola ere, argi utzi nahi izan du garrantzitsuena 24 orduren buruan indarrean egon litezkeen ''erabakiak hartzea'' dela.
Ekainean beste bilera bat egingo dute 27ek, eta, batzar hori prestatzeko, Erroman elkartuko dira aurretik hainbat agintari. Mario Montik Rajoy gonbidatu zuen bilera horretara, baina presidenteak gonbidapenari garrantzia kendu dio, eta igandean bertan Merkelekin elkartu zela eta asteazkenean Hollanderekin biltzeko asmoa duela gogoratu du.
Obamaren babesa
Barack Obama AEBetako presidenteak besteak beste Espainiak eta Italiak martxan jarri dituzten neurri ''gogorrak'' azpimarratu ditu, eta lurralde horiei babesa emateko moneta-politika bat defendatu du, Rajoyk berak aurretik egindako eskaeraren ildotik.
Obamak ''hazkunde estrategia'' baten alde egin du, ''zorroztasun fiskala'' eta, aldi berean, besteak beste Espainiaren eta Italiaren gaitasuna bultzatuko duen moneta-politika bat bultzatuta.