Ekonomia -
ZFPK
Gobernuak hilero ikertuko ditu erkidegoak, hiru hilean behin beharrean
Saenz de Santamariaren arabera, Zerga eta Finantza Politikaren Kontseiluak lortutako akordioa "benetako Estatu mailako itun bat da eta goi mailako adostasuna".
Erredakzioa
Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak adierazi duenez, hilero ikertuko dute autonomia erkidegoak aurrekontua zelan kudeatzen duten, hiru hilabetean behin, lehen egiten zen moduan, ikertu beharrean.
Ministroen bileraren ostean egindako prentsaurreko batean, Saenz de Santamariak esan du erkidegoek derrigorrez eman beharko dutela euren kontuen berri, eta "parekatuko dira zenbakiak", hau da, Kontabilitate Nazionalaren arabera, adostutakoa noraino betetzen den ezagutzeko.
"Pentsaera aldatuko da erakunde guztietan zenbatzailea zeroan jartzeko", presidenteordeak esan duenez. Saenz de Santamariak positibotzat jo du erkidegoek "ezberdintasunak alde batera utzi" izana, defizita murrizteko "helburu nazionalaren" mesedetan.
Halaber, presidenteordeak ""oso positibotzat" jo du Zerga eta Finantza Politikaren Kontseiluak (ZFPK) erkidegoekin lortutako adostasuna.
Gobernuaren bozeramailearen hitzetan, lortutako itunak "mugarri" bat ezarri du autonomia erkidegoen Estatuarentzat eta "benetako Estatu mailako itun bat eta goi mailako adostasuna" da.
Lortutako itunaren arabera, erkidegoek 18.349 milioi euroko doikuntza egin beharko dute aurrekontuetan, defizita Bruselakin adostutako % 1,5eko izateko. Kantitate horretako 13.071 milioi gastuak murriztuz etorriko dira eta 5.278 milioi diru-sarrerak areagotuz, neurri fiskalen bidez.
Informazio gehiago, laster