Ekonomia -

Krisi ekonomikoa

Eurotaldea: 'Grezia euroan jarraitzea nahi dugu'

''Hala izan dadin ahal duguna egingo dugu'', esan du Jean-Claude Juncker, Eurotaldeko presidenteak. ''Inork ez du Greziaren irteera aipatu'', esan du Junckerrek Eurotaldearen bilera bukatu ondoren

Jean-Claude Juncker, Eurotaldeko presidentea. EFE
Jean-Claude Juncker, Eurotaldeko presidentea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Grezia euroan jarraitzea nahi du Eurotaldeak, Jean-Claude Junckerrek azpimarratu duenez. ''Hala izan dadin ahal duguna egingo dugu'', esan du Eurotaldeko presidenteak, astelehen honetan egin duten bileraren ondoren.

"Inork ez du Greziaren irteera aipatu, eta ni erabat kontra nago'', esan du Juckerrek. Espekulazio hauek ''propaganda'' direla uste du Eurotaldeko presidenteak, eta, haren hitzetan, ''zentzu gabekoak dira''. Grezia eurogunean mantenduko dela uste du Europako Batzordeak, beti ere euroguneko herrialdeekin hartutako konpromisoak betetzen baditu.

Grezia eurogunean mantenduko dela uste du Europar Batzordeak

"Itxaroten ari gara, baina uste dugu Greziak konpromiso horiek bete egingo dituela", adierazi du Pia Aherenkilde Europar Batzordeko bozeramaileak, agerraldi batean.

"Greziaren etorkizuna eurogune barruan ikusten dugu. Grezia euroan jarraitzea nahi dugu", azpimarratu du. "Grezia eurogunearen barruan mantentzeko gure eskuan egon den guztia egin dugu".

Jose Manuel Durao Barroso Europar Batzordeko presidenteak adierazpen polemikoak egin zituen iragan astean, Italiako telebista kate batean: klub bateko kide batek klub horretako baldintzak urratu egiten dituenean klub horretatik kanpo egon behar dela esan zuen.

Gaur, Ahrenkildek adierazi du hitz horiek "orokorrak" izan zirela eta Greziari buruz ez zuela adierazpenik egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea