Ekonomia -
Hitzarmenei esker
Minbizi edo HIESa duten 'paperik gabekoek' osasun-laguntza izango dute
Gaixotasun hauek edo kronikoak dituztenek osasun laguntza izaten jarraituko dutela esan du Ana Matok.
Erredakzioa
Ana Mato Osasun ministroak azaldu du HIESa edo minbizia duten legez kanpo dauden atzerritarrek osasun zerbitzua izango dutela, erkidegoek atzerritarrak laguntzen dituzten erakundeekin egindako hitzarmenei esker.
Era honetan, gaixo horiei edota gaixotasun kronikoak dituztenei osasun-laguntza emango zaiela bermatu du. "Osasuna bermatuta dago, eskubide horren jabe garelako eta Dekretuak ez du legedia aldatzen; hortaz, Osasun Lege Orokorrak indarrean jarraitzen du % 100ean", adierazi du.
"Erkidego guztiek hitzarmenak egingo dituzte legez kanpo dauden atzerritarrak laguntzen dituzten erakundeekin, oinarrizko arreta izan dezaten".
Osasun Sistema Nazionalak ez duela "kalitaterik" galduko ziurtatu du, hartutako neurriak ez direlako doitze plan bat, "eraginkortasuna" bilatzen duen erreforma baizik.
Dekretua ezartzeko moduaren inguruan, erkidegoren batek legea ezarri nahi ez badu Gobernuak esku hartu beharko duela gaineratu du. "Auzitegiak horretarako daude", baina Matok ez du uste erkidegoek, Konstituzionalera jo dutenek izan ezik, horrelako arazorik jarriko dutenik.
Azkenik, ukatu egin du Osasun arloko murrizketek Bankiari eman diezaioketen laguntzarekin zerikusirik izatea, eta herritarrek kopurua alderatu nahi badute "alderdiren batek, zinismoz, hori egin nahi duelako da", adierazi du.