Ekonomia -

Murrizketak

Basagoiti: 'Lanera etorri diren marokoarrak ere etxekoak dira'

Basagoitik bere blogean idatzitako hitzek eztabaida handia piztu zuten astelehenean, Rajoyren Gobernuak aplikatuko dituen murrizketak defendatu zituenean.

Antonio Basagoiti, EAEko PPko presidentea. Argazkia: EFE.
Antonio Basagoiti, EAEko PPko presidentea.
Antonio Basagoiti, EAEko PPko presidentea. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak osasuna "etxekoentzat lehenengo" izan behar dela defendatu zuen astelehenean, baina gaur bere hitzak zehaztu egin ditu: Gurean lanean modu erregularrean dauden kolonbiarrak, marokoarrak eta gainerako etorkinak ere "etxekoak" direla azpimarratu du popularrak, "lan egitera etorri direlako".

Basagoitik bere blogean idatzitako hitzek eztabaida handia piztu zuten iragan astelehenean, Rajoyren Gobernuak aplikatuko dituen murrizketak defendatu zituenean. Osasuna herritar guztientzat izan behar dela esan zuen, "baina etxekoentzat lehenengo".

"Gurera lan egitera, pentsioak ordaintzera eta zergak ordaintzera etorri diren kolonbiarrak edo marokoarrak ere etxekoak dira", esan du gaur, Bilbon egindako agerraldi batean. Bere hitzak modu irregularrean dauden etorkinei zuzenduak zirela azpimarratu du.

Basagoitik esan du eskubide eta betebeharrei buruzko eztabaida piztu nahi izan duela, eta modu irregularrean dauden etorkinek ongizate sistema eusten laguntzen ez dutela gaineratu du.

"EAJk eta PSEk argi utzi dute gai honi ez diotela irtenbidea jarri nahi", gaineratu du.

Jasotako "irainak" ez dituela onartuko azpimarratu du Antonio Basagoitik, "xenofobiarekin zerikusirik ez daukatelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea