Ekonomia -
Maiatzaren lehena
Sindikatu abertzaleek gizarte-mobilizazioari eutsiko diote
ELAko buruzagiak "elkartasun sindikal eta sozialaren" alde egin du proposamen eta mobilizazioen egutegia partekatzeko. LABek "borrokaren beharra eta balioa" aldarrikatu ditu.
Erredakzioa
ELA sindikatuak gizarte-mobilizazioari eutsiko dio datozen hilabeteetan murrizketen aurka egiteko eta "egiazko krisi politiko" bat irekitzeko asmoz, "gizarte gaiak eztabaidaren erdian ipintzeko", Adolfo Muñoz "Txiki"k esan duenez.
ELA sindikatua Bilbon bildu da, "Ezinbestez, sindikatua" lelopean. 12:00ak aldera abiatu da manifestazioa. Adolfo Muñoz idazkari nagusiak egungo egoerari aurre egiteko sindikatuak langileen tresna bakarra direla esan du. "Egiazko krisi politiko bat irekitzea nahitaezkoa da, gizarte gaiak eztabaidaren erdian jartzeko, horrela soilik izango dute etorkizuna otsailaren 25eko manifestazioak, martxoaren 29ko greba orokorrak eta egingo ditugunek", esan du Muñozek.
Bestalde, ELAko buruzagiak "sindikatuen arteko elkartasunaren" alde egin du, proposamenak eta mobilizazioen egutegiak partekatzeko.
Gainera, banketxeen "espekulazioa" kritikatu du, Europako Banku Zentraletik dirua % 1era jasotzen dutelako eta zor publikoa % 6ra erosten dutelako.
LABek "borrokaren beharra eta balioa" aldarrikatu du
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari orokorrentzat beharrezkoa da "erabaki berriak" hartzea eta "Euskal Herriko agenda ostiralero Rajoyk ala eragile politiko, sindikal eta sozialek" zehaztuko duten erabaki behar dela uste du.
Donostian, "Lotu borrokari" lelopean egindako martxan hartu du parte Etxaidek eta mila lagun inguru bildu dira, besteak beste Joseba Permach ezker abertzaleko buruzagia, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatua.
LABeko buruzagiak "borrokaren beharra eta balioa" aldarrikatu ditu. "Langileei ez zaie ezer oparitu", adierazi du eta eskubideak "lortu" egin direla ekarri du gogora. "Orain, denak ari zaizkigu lapurtzen, baina borrokaren bitartez berreskuratuko ditugu eta sakondu egingo ditugu, gainera".
"Gehiengo sozialak krisia arbuiatzen du, baita horren kudeaketa ere, eta beste alternatiba bat aldarrikatzen du gizarteak", ziurtatu du Etxaidek.
Nafarroa
Nafarroan 2.000 pertsona bildu ditu LAB sindikatuak Iruñean, 1.200 Espainiako Poliziaren arabera. Manifestazioan ezker abertzaleko, Amaiurreko eta Bilduko kideak izan dira, besteak beste.
Igor Arroyo Nafarroako LABeko ordezkari nagusiak "sindikatu abertzaleen diskriminazioaren amaiera" eskatu du. Horrekin batera, "borroka sindikala eta soziala indartzea" eta "Nafarroan murrizketarik ez egitea" ere exijitu du.