Ekonomia -
Esku-hartzeak, irailean
Gobernuak ez du uste erkidegoetan esku hartu behar izango duenik
Gaur arte dute epea beren plan ekonomikoak aurkezteko. Ogasun Ministerioak oniritzia eman die jada EAEko defizit aurreikuspenei.
Erredakzioa
Irailetik aurrera esku hartu ahal izango du Gobernuak erkidegoetan, astearte honetan indarrean sartuko den Aurrekontuen Egonkortasunerako Legeari esker. Edonola ere, Ogasun Ministerioak ez du uste beharrezkoa izango denik.
Ministerioak egindako kalkuluen arabera, erkidegoek defizit-muga betetzeko ''gaitasuna'' dute; eta, gainera, ''borondatezko esku-hartzea'' eskatu ahal izango dute aurretik. Oraingoz, erkidegoetako batek ere ez dio eskaera hori egin gobernuari.
Gaur arte dute epea erkidegoek plan ekonomikoak aurkeztu eta desbideratzeak bideratzeko, eta, lege berriak jasotzen duenez, une horretatik aurrera 15 eguneko epea izango du Gobernuak plan horiei baiezkoa emateko.
Ogasun Ministerioko iturriek jakitera eman dutenez, orain arte erkidegoetako batek ere ez du ''borondatezko esku-hartzerik eskatu edo iradoki'', baina ''ia denek'' eskatu dute planak egiteko laguntza.
Ogasun Ministerioak oniritzia EAEko aurreikuspenei
EAEren kasuan, Ogasun Ministerioak oniritzia eman die jada aurrekontuei eta defizit aurreikuspenei, duela egun batzuk lehendakariak aurreratu zuenez.Esku-hartzeek izan ditzaketen eraginak
Gaur Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratuta indarrean sartu den Aurrekontuen Egonkortasunerako Legeak jasotzen duenez, Gobernuak autonomia erkidegoen kontuetan esku hartu ahalko du, defizit-helburuak betearazteko. Erabaki horrek autonomia erkidego bateko gobernuari eraginez gero, horrek ez du horren autonomia bertan behera uztea ekarriko, baina udalerri bateko gobernuari eragiten badio, baliteke udalbatza deseginaraztea.
Autonomia erkidegoei dagokienez, Estatuak funtsen erabilgarritasun ezaren inguruko akordioak har ditzakete, Espainiako Bankuan BPGren % 0,2ko gordetegia ezartzeko eska diezaiekete, jarrera horrekin jarraituz gero isunak jaso ditzakete eta kontuetan esku hartuko lukeen adituen batzorde bat egongo litzateke.