Ekonomia -
Politika ekonomikoa
Europar Batasuna politika ekonomikoa aldatzeko prest dago
Ekaina baino lehen, EBko agintarien goi-bilera deitzeko asmoa duela adierazi du Herman van Rompuyk.
Erredakzioa
Europar Batasuna politika ekonomikoari buelta bat emateko prest dago; izan ere, Alemaniak agindutako murrizketek sortutako eszeptizismo handiaren aurrean, hazkundea eta enplegua bultzatu nahi dituzte.
Herman van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea eta Mario Monti eta Elio di Rupo Italiako eta Belgikako lehen ministroak ere aldaketa horren alde agertu dira, baina ñabardura batzuk eginda.
Van Rompuyk Bruselan krisiari buruzko konferentzia batean aitortu duenez, "Europak hazkunde ekonomiko egituratua behar du", baina ohartarazi egin du lehenengo erreformak egin behar direla, eta horrek denbora nahikoa eskatuko duela gaineratu du.
Europako politikei buelta bat ematea aztertzeko prest ere agertu da, eta, hazkunde ekonomikoa bultzatzeko neurriak zehazteko, ekaina baino lehen EBko agintarien goi-bilera deitzea aztertzen ari dela iragarri du.