Ekonomia -
2012ko Aurrekontuak
Mariano Rajoyk bere Gobernuak duen 'indarra' goraipatu du
Kongresuak Aurrekontuen aurkako emendakinak errefusatu ditu. PPk, Foro Asturiasek eta UPNk oposizioak aurkeztutako emendakinen aurka egin dute.
Erredakzioa
Kongresuko Osoko bilkurak Estatuko Aurrekontuen aurka jarritako hamar osoko emendakinak errefusatu egin ditu. PPk, Foro Asturiasek eta UPNk oposizioak aurkeztutako emendakinen aurka egin dute
PSOEk, CIUk, Izquierda Pluralek (IU-Cha-ICV), UPyDk, EAJk eta Talde mistoko alderdiek (Amaiur, Coalicion Canaria, ERC, BNG eta Compromis) aurkeztutako emendakinak batera bozkatu dituzte Osoko bilkuraren bigarren saioan.
Emendakinek aldeko 156 boto eta kontrako 182 boto jaso dituzte. PPko diputatu bat abstenitu egin da.
Rajoy, pozik
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak bere Gobernuaren "indarra" goraipatu du. Aurrekontuetan neurri "gogorrak eta zailak" aurreikusi dituztela onartu du, baina, haren hitzetan, "zalantzarik gabe", neurriek krisi ekonomikotik ateratzen lagunduko dute.
Osoko bilkura bukatzean, "pozik" dagoela esan du Mariano Rajoyk, Kongresuko "gehiengo zabal" bati esker erabakiak har ditzakeelako. Beste herrialde batzuetan erabaki horiek hartu ahal izateko "zailtasun gehiago" dituztela azpimarratu du.
Nazionalistak, aurka
2012ko Aurrekontuak "zentralistak", "susperraldiaren aurkakoak", "langileekin eta gutxien dutenekin gogorrak" eta "lapurreta" direla esan dute Talde Mistoko bost alderdien bozeramaileek.
Amaiurrek, ERCk, BNGk, CC-NCk eta Compromisek osoko zuzenketak defendatu dituzte Kongresuan, atzo PSOEk, CIUk, IUk, UPyDk eta EAJk gauza bera egin ostean.
Amaiurren izenean, Rafa Larreinak azaldu du Aurrekontuek ez diotela krisiari erantzunik ematen eta ongizatearen estatuaren eta zerbitzu publikoen suntsiketa direla.
Larreinaren iritziz, 2013an defizita % 8,5etik % 3ra jaisteak, 120.000 milioi euro murriztea dakar, eta kopurua erabat "onartezina" dela esan du, gastua 1.000 milioi murrizten den bakoitzean, langabezia 70.000 lagunetan hazi daitekeelako.
Alfred Boschek (ERC) soilik aberatsenen aldeko Aurrekontuak direla esan du, eta enplegua sustatzeko politikei kopurua murrizten zaien bitartean "elefanteak ehizatzeko eta golf zelaiak egiteko" kopurua hazten dela
BNGren aldetik, Francisco Jorquerak adierazi du "iruzur egiten dutenentzat Aurrekontu zuriak direla; beltzak, ordea, gainontzekoentzat". CC-Kanaria Berria alderdiko ordezkariak, Aurrekontuak "iruzurra" direla esan du eta "inoiz ikusi gabeko langileen aurkako zigorra".
Compromisen hitzetan, "ez dute elkartasuna adierazten eta bidegabeak dira". UPNk, Foro Asturiasek eta Geroa Baik, ordea, ez dute osoko zuzenketarik aurkeztu.
Aurrekontuen Egonkortasunerako Legea onartu dute
Aurrekontuen Egonkortasunerako Legeak zero defizita ezarri du administrazio publiko guztientzat 2020 urte bitartean. Legea behin betiko onartu dute gaur PPren eta CiUren aldeko botoekin, eta PSOEren kontrako botoekin, eta ahalik eta arinen sartuko da indarrean "konfiantza" emateko, Gobernuak adierazi duenez.
Egonkortasunerako Legeak, halaber, zor publikoaren murrizketa ezarri du; % 60ra 2020 urterako. Era berean, erkidegoen zorpetzea murrizteko epea zortzi urteetatik hogeira luzatu du.
Ildo horretan, defizitaren muga betetzen ez duten erkidegoek ordainsari-gordailu (BPGren % 0,2koa) bat eratu beharko dute, eta sei hilabeteko epean isuna jaso ahal izango dute defizita hausten jarraitzen badute.
Cristobal Montoro Ogasun ministroaren hitzetan, Lege horrek "merkatuetan sartzeko giltza ematen digu", Espainiako ekonomiaren konfiantza eta fidagarritasuna bermatzen duelako.