Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Uko egin diezaioke Jaurlaritzak Rajoyren murrizketak aplikatzeari?
Juanjo Alvarez EHUko katedradunak bide bat proposatu du halabeharrez bete behar diren murrizketak ere saihestu ahal izateko.
David Perez
Mariano Rajoyren Gobernuak onartutako murrizketek polemika politiko handia piztu dute hainbat erkidegotan, batik bat osasun zerbitzuekin lotuta daudenek.
Eusko Jaurlaritza murrizketon aurka agertu da, baina Exekutibo zentraletik ohartarazi dute halabeharrez betetzekoak direla, lege-dekretu bidez onartu dituelako.
Dena dela, legedian ez al dago zirrikiturik hori saihesteko? Juanjo Alvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbide Publiko katedradunak uste du badela posible: "Zaila da, baina [Jaurlaritza] saia daiteke".
"Ministro Kontseiluak legeei oinarrizko izaera ematen dien da gakoa. Estatuak lege bat oinarrizkotzat jotzen duenean, bi ondorio daude: berehala betetzekoa dela, eta erkidegoek Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztuz baino ezin dutela horren aurka egin", azaldu du, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean.
Nolanahi ere, erkidegoek helegitea aurkezteak "ez dakar neurria behin-behinean indargabetzea".
"Estatuak erkidego baten erabaki baten aurka helegitea aurkezten badu, neurria automakoki indargabatzen da behin-behinean, eta Konstituzionalak ebazpen zehatza publikatu behar du indargabetzeari eusteko edo atzera egiteko, baina erkidego batek Estatuaren erabaki baten aurka egiten badu, helegiteak ez dakar neurria indargabetzea. Hori egitea eska dezake, eta baliteke Konstituzionalak eskaera aztertzea, baina aurrekariak ikusita, seguru aski errefusatu egingo du", zehaztu du.
Alvarezek gogorarazi du Konstituzionalak "sei urte" behar dituela batez beste helegite bat ebazteko. Horrenbestez, bide horrek ez dirudi egokiena murrizketen aurka egiteko.
Hori horrela, katedradunak beste alternatiba bat proposatu du: murrizketen lege-dekretu izaeraren aurka egitea Konstituzionalean. Izan ere, lege-dekretuak "premiazko" egoeretan baino ezin dira onartu, eta Rajoyren Gobernuak dagoeneko 19 onartu ditu, "aurreko legegintzaldi osoan baino gehiago".
"Eskandalu juridikoa da [...], Parlamentuak lege-dekretuak babestu baino ez du egiten. Argudio horrek pisua izan lezake Konstituzionalean", iritzi dio.
"Montesquieuk ikusiko balu...", nabarmendu du.