Ekonomia -
Eurostaten datuak
Espainiako defizita % 8,5ekoa izan zen 2011n
Europar Batasunean defizit altuena duen hirugarren herrialdea izan da. Euroguneak % 4,1eko defizitarekin itxi du 2011 urtea.
Erredakzioa
Espainiako defizit publikoa BPGren % 8,5era iritsi zen 2011 urtean, iragarritakoa baino puntu erdi gehiago, Eurostat Europako Erkidegoko Estatistika Bulegoaren datuen arabera.
Europar Batasunean defizit altuena duen hirugarren herrialdea da, Irlandaren (BPGren % 13) eta Greziaren (% 9,1) atzetik (erreskate programarekin daude). Espainiaren zorra BPGren % 68,5ekoa da, egonkortasun eta hazkunderako egiuneak baimendutakoa baino zortzi puntu eta erdi gehiago.
Hala ere, azken bi urteekin alderatuta, defizita jaitsi egin da; 2008ko datuen bikoitza da, ordea (% 4,5).
Zorrak gorantz egin du azken lau urteetan: 2008an % 40,2, 2009an % 53,9, 2010ean % 61,2 eta 2011n % 68,5. Ondorioz, Batasunean zorren inguruko arauak betetzen ez dituzten hamalau herrialdeen artean dago Espainia, izan ere, BPGren % 60n dago muga.
Euroguneak % 4,1eko defizitarekin itxi du urtea Euroguneak 2011 urtea % 4,1eko defizitarekin itxi du eta Europar Batasunak % 4,5ekin. Bi kasuetan, aurreko urtearekin alderatuta, bi puntu gutxiago dira, orduan, hurrenez hurren, defizita % 6,2koa eta % 6,5ekoa izan baitzen.
Defizit publiko handiena Irlandak izan du, BPGren % 13,1. Ondoren, Greziak (% 9,1), Espainiak (% 8,5), Erresuma Batuak (% 8,3), Esloveniak (% 6,4), Ziprek (% 6,3), Lituaniak (% 5,5), Frantziak eta Errumaniak (% 5,2) eta Poloniak (%5,1).
Ordea, defizit txikiena Finlandiak izan du (BPGren % 0,5) eta ondoren, Alemaniak, % 1.