Ekonomia -
3.000 milioiko murrizketa
Unibertsitate tasak 540 euro igo ahal izango dituzte erkidegoek
Ikasle berri baten matrikula % 66 igo liteke datorren urtetik aurrera. Ikasturtea errepikatzen badute, igoera handiagoa izango da. Jaurlaritzak ez du KPIarena baino igoera handiagorik egiteko asmorik.
Erredakzioa
Datorren ikasturtetik aurrera, erkidegoek % 66 igo ahal izango dituzte unibertsitate tasak. Ikasle berri batek, gehienez, lehenengo matrikulan 540 euro gehiago ordaintzea proposatu die Hezkuntza Ministerioak erkidegoei.
Gradu titulazioetan, batez beste, ikasleek gastu osoaren % 15a ordaintzen dute egun; baina, etorkizunean ikaske berriek % 25a ordaintzea proposatzen du Gobernuak. Horren ondorioz, tasek % 66 egin lezakete gora.
Igoera handiagoa izango da ikasleak ikasturtea errepikatzen badu. Bigarren matrikula egiten dutenentzat, kostuaren % 30 eta % 40 bitartekoa izan daiteke igoera. Hirugarren matrikularen kasuan, % 65 eta % 75 bitartekoa; eta laugarren matrikula egin behar dutenentzat, %90 eta %100 bitartekoa.
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa Erkidegoetako ordezkariekin bildu da Madrilen, unibertsitateetako ikasleek ordaintzen duten prezioak igotzeko aukera aztertzeko.Horren beharra baldin badute, erkidegoek prezioak igo ahal izateko legedia aldatu nahi du Rajoyren Gobernuak.
3.000 milioi euro aurrezteko Hezkuntza Ministerioak planteatutako planaren baitan egongo litzateke neurria.
Jaurlaritzak ez du KPIarena baino igoera handiagorik egiteko asmorik
Pedro Luis Arias Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea tasen igoeran kontra agertu da. Wert ministroaren eta erkidegoen ordezkarien arteko bileran izan da sailburuordea. Bertara sartu baino lehen, aitortu egin du igoera horren inguruko proposamenik egon daitekeela, baina Jaularitza horren kontra dagoela esan du. ''Kontrako jarrera agertuko dugu'', aurreratu du.Bere ustez, familia askoak, bizi duten krisi egoerak dela-eta, ezin dute jasan ''prezioak ia bikoiztera'' eramango lukeen igoera. Ariasentzat, ''tasen eta beken arteko arrazoizko oreka bat da egokiena''.Era berean, eskumenak urratzen baldin badituzte, neurri horren zein beste edozeinen kontra helegitea aurkeztea aztertuko dutela aurreratu du sailburuordeak.