Ekonomia -
Repsol-YPF
Europako Batzordeak 'legez kanpoko'tzat jo du YPFren nazionalizazioa
Bruselak bertan behera utzi du Europar Batasunaren eta Argentinaren arteko bilera bat, protesta gisa.
Erredakzioa
Europako Batzordeak 'legez kanpoko'tzat jo du Argentinako Gobernuak YPF nazionalizatu izana, eta erantzuna emateko "aukera guztiak" aztertzen ari direla aurreratu du.
Lehen pauso moduan, eta Espainiak hala eskatuta, Europako Batzordeak bertan behera utzi du Europar Batasuna eta Argentinaren elkarlanerako foroa, 1990eko Hitzarmen Ekonomikoaren baitan sortu zena.
"Desjabetzea legez kanpokoa dela ulertzen dugu, konpentsazio egokirik, justurik eta azkarrik eman ez den heinean", esan du Pia Ahrenkilde batzordeko bozeramaileak. Datozen orduetan Karel de Gucht Komertzio komisarioak gutuna igorriko dio Argentinan duen homologoari, "Europar Batasunak duen kezka azaltzeko".
"Bitartean, eta Jose Manuel Durao Barrosek eskatuta, datozen egunetan hartu beharreko erabakiak zeintzuk izan behar diren aztertzen ari gara, Espainiako agintariekin elkarlanean", ohartarazi du.
Aukera horiek zeintzuk diren ez du argitu, baina gogora ekarri du Lisboako Hitzarmenak Europar Batasunaren esku uzten duela atzerriko inbertsioak babestea.
Bere eginkizunak betetzeko eskatu dio Barrosok Argentinari
Bestalde, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak esan du Argentinako Gobernuak YPF desjabetzeko hartu duen erabakiak "desengainua" eragin diola, herrialde horrek nazioarteko konpromisoak eta Espainiarekin zituen obligazioak bete ez dituelako.
"Gure kezkak helarazi genizkion Argentinako Gobernuari. Konponbidea bi aldeen arteko akordioaren bidez lortzearen alde egin genuen, negozioetarako giroak eraginik izan ez zezan eta horregatik hartu dut desengainua atzoko iragarpenarekin", azaldu du Barrosok.