Ekonomia -
Murrizketak
Celaa: 'Gobernuak hezkuntza sistema merkatu nahi du, ez hobetu'
Gobernuak erkidegoetako ordezkariekin egindako bileratik "oso haserre" atera zela adierazi du gaur Isabel Celaak. "Sakonean" oso "neurri larriak" izango direla gaineratu du.
Erredakzioa
Isabel Celaá Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi du Mariano Rajoyren Gobernuak iragarritako murrizketek "Espainiako Hezkuntza sistemaren kalitateari kalte" egingo diotela. Bere hitzetan, Gobernuak hezkuntza sistema "merkatu" egin nahi du, "baina ez hobetu".
SER kateari eskainitako elkarrizketan, Juan Ignacio Wert Hezkuntza ministroak iragarritako murrizketei buruz aritu da. Neurri horiei esker, Espainiako Gobernuak 3.000 milioi euro aurreztea espero du.
Gobernuak erkidegoetako ordezkariekin egindako bileratik "oso haserre" atera zela adierazi du gaur Isabel Celaak. "Sakonean" oso "neurri larriak" izango direla gaineratu du, Espainiako hezkuntza sistemaren kalitateak "behera" egingo duelako.
"Gobernuak Espainiako hezkuntza sistema merkatu egin nahi du, baina ez du sistema horren kalitatea hobetu nahi, eta hori arazo larri bat da", esan du.
Bestalde, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi du ez duela autogobernuaren aurkako erasorik onartuko. Wert ministroak iragarritako murrizketak aztertzen ari direla gaineratu du eta, horrez gain, inbertsioak iragarri ditu: Ordenagailuak erosiko dituzte, derrigorrezko hezkuntzako ikasleentzat.
Oinarrizko zerbitzuetan murrizketarik ez dutela onartuko azpimarratu du Idoia Mendiak, ez bakarrik hezkuntzari begira, baita Osasun sistemari dagokionez ere.