Ekonomia -

Repsol-YPF

Espainiak birritan gelditu zuen YPF desjabetzeko plana

Espainiako Gobernuaren hitzetan, YPFren desjabetzea martxoaren 1erako aurreikusita zegoen, hori dela eta, Jose Manuel Soria ministroa Argentinara bidaiatu zen, otsailean, arazoa konpontzeko.

Jose Manuel Garcia-Margallo. EFE
Jose Manuel Garcia-Margallo. EFE
Jose Manuel Garcia-Margallo. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak behintzat birritan geldiarazi zuen YPF desjabetzeko Cristina Fernandez Argentinako presidentearen plana; izan ere, hasiera batean desjabetzea martxoaren 1erako aurreikusita zegoen, Fernandezen bigarren legealdiaren hasierarekin bat etorrita.

Ministroaren hitzetan, "lehen kolpe" hori Jose Manuel Soria Industria eta Energia ministroak Buenos Airesera, otsailean, egindako bidaiari esker geldiarazi ahal izan zuten.

Garcia-Margallok azaldu duenez, joan den apirilaren 2an desjabetza gauzatzeko beste saiakera bat gertatu zen, Fernandez presidenteak Malvinetako gudaren 30. urteurrenaren diskurtsoarekin bat etorrita.

Atzerri ministroaren hitzetan, Argentinako presidentea prestatzen ari zen neurriaren "lehen zaratak" abenduaren 10ean izan ziren, bere inbestidura ekitaldia zela eta. Ekitaldi horretan Asturiaseko Printzea izan zen.

Garcia-Margallok lehen susmo horien aurrean eta Argentinako Gobernuak gaiari heltzeko ezezkoaren aurrean, Espainiako Gobernuak lanari ekin zion.

Ministroak azaldu duenez, Argentinaren egoera ekonomiko zailari eta egoera horrek Espainiako enpresetan izan lezakeen eraginari buruzko txosten bat idatzi zuen.

Txosten horretan jasotako datuei esker eta Argentinako Gobernuaren "izaera ezagututa", "argi zegoen ondorioetan gehiegi pentsatu gabe larrialdiko irteera bat bilatuko" zutela, Garcia-Margalloren hitzetan.

Soriak otsailean Buenos Airesen egindako elkarrizketarako deiak jasotako erantzun ezaren aurrean, Soriak Argentinako Gobernuari ohartarazi zion Repsolen desjabetzea Espainiako Estatuaren aurkako erasoa izango litzatekeela, esan du Garcia-Margallok.

Ministroaren ustetan, Argentinako Gobernuak YPFren akzioek balio galtzeko estrategia egin du azken asteotan, desjabetzea merkeagoa izateko.

Garcia-Maragallok, jurisprudentziarekin bat etorrita, "konfiskaziotzat" jo du eragiketa hori.

Ministroak ez ditu Espainiak hartuko dituen errepresaliak zehaztu; baina baliteke neurri horien artean Argentinak egiten dituen okela eta soja esportazioei betoa jartzea egotea.

Bestalde, Jose Manuel Garcia-Margallo ministroak ohartarazi duenez, Argentinak "bere oinari tiro egin dio" eta "kalte konponezina" eragin diezaioke herriari YPF desjabetzeko erabakiarekin; izan ere, Espainiaren eta nazioartearen konfiantza hautsi du.

Garcia-Margallo Carlos Bettini Argentinako enbaxadorearekin bildu da Madrilen, Espainiaren ondoeza eta gaitzespena adierazteko.

Garcia-Margalloren hitzetan, "kaltea konponezina izan daiteke Argentinarentzat"; izan ere, "nazioarteko kredituaren mozketa jaso dezake".

Halaber, Repsol espainiar enpresa bat izatean, eta beraz europarra, "EBk neurriak hartu beharko" dituela uste du ministroak; hala ere, ez du esan zeintzuk izan beharko liratekeen neurri horiek.

Espainiak Argentinaren erabakiaren aurkako neurriak hartuko ditu

Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroak Argentinaren desjabetzea ez dela erabaki serioa esan du eta "argudio ahulak" erabili dituela.

RNEn egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Argentinaren jarrera arbitrarioa izan da, baztertzailea eta ez ditu Argentinako eta nazioarteko eskubideak errespetatzen. Soriak argi adierazi nahi izan du ez direla argentinarrekiko harremanak aldatuko, egungo Gobernuarekiko baizik, izan ere, duela gutxi desjabetzearen aukera baztertzen omen zuen.

Datozen egunetan Espainiako Gobernuak neurri "diplomatikoak, komertzialak, industrialak eta energiarekin lotutakoak" hartuko dituztela iragarri du.

Bestalde, "NDFren aholkuen kontra" 2001ean Espainiak Argentinari 1.000 milioi dolar utzi zizkiola gogorarazi du. Hala ere, Espainiak ez omen du horren "ordaina" nahi, baina ez du Espainiako energia enpresa handienaren kontrako "erasorik" nahi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea