Ekonomia -
Repsol-YPF
Repsolek 8.000 milioi euro eskatuko dizkio Argentinari YPFgatik
YPFn zituen akzioen konpentsazioa lortzeko nazioartera joko duela iragarri du Antonio Brufau Repsolen presidenteak.
Erredakzioa
Repsolek gutxienez 10.500 milioi dolar (8.000 milioi euro) eskatuko dizkio Argentinako Gobernuari YPFn duen partizipazioagatik, Pribatizazio Legeak eta YPFren Estatutuek balio horixe ematen baitiote enpresaren zatiari (enpresa osoari 15.800 milioi euro).
Antonio Brufau Repsolen presidentearen arabera, YPFren % 50,1 nazionalizatzeko, Argentinako Gobernuak akzioak erosteko eskaintza publikoa egin beharko luke. YPFren estatutuek diote inork akzioen % 15 edo gehiago erosi nahi badu eskaintza publikoa egin behar duela konpainiaren akzio guztien gainean.
Hori horrela, YPFren akzioen prezioa zehazteko, azken bi urteetan akzioek izan duten ratio maila gorena akzioek azken hamabi hilabeteetan izan duten emaitza netoarekin biderkatu behar omen da.
Kalkulu horiek aterata, YPFren akzio bakoitzak 46,55 balioko luke (35 bat euro), eta konpainia osoak 18.300 milioi inguru (12.000 milioi euro).
Brufauk esan du "salaketa gehiago" egongo direla eta "era askotako prozedurak" abiatuko dituztela dirua eskuratzeko.
Nazionalizazioaren ondoren Repsolek YPFn izango duen % 6aren inguruan galdetuta, Brufauk esan du konpainiaren balorazioa zein den ikusi arte itxarongo dutela erabaki bat hartu aurretik. "Pentsatzen dut Argentinako Gobernuak ez duela bere eginbeharra beteko", adierazi du Repsolen presidenteak nazioarteko arbitrajera joko duela iragarri baino lehen.
Bestalde, Brufauk esan du desjabetzeak ez diola Repsolen egitasmo estrategikoari kalte "handia" egingo eta etorkizuna Argentinatik kanpo dagoela azpimarratu du.
YPFren prezioa merkatzeko kanpaina
Brufauk YPFren prezioa merkatzeko eta desjabetzea oso merke egiteko "filtrazio, mehatxu eta eraso" kanpaina bat egitea leporatu dio Argentinako Gobernuari.
Brufauk azaldu duenez, Argentinako Gobernuak YPF nazionalizatzeko hartu duen erabakiak "ez dauka zilegitasunik eta zentzurik", eta "Vaca Muerta" ustiategiaren aurkikuntzarekin lotu du, azken urteetako aurkikuntza garrantzitsuena izan baita.
Haren esanetan, Argentinan aurkitu dituzten hidrokarburo aurkikuntzak ez dira ohikoak eta "oso erakargarriak" dira.
Brufauk salatu du behin eta berriz saiatu dela Argentinako presidentearekin biltzen gatazkari irtenbide negoziatua emateko, baina presidenteak uko egin omen dio biltzeari.
"Cristinarekin hitz egiten saiatu naiz zer nahi duen jakiteko eta akordio batera iristeko. Ez da posible izan oso lanpetuta dagoelako. Ez du ikusteko aukerarik izan", adierazi du Brufauk, Argentinako Gobernuak Espainiakoari ere entzungor egin diola aipatu aurretik.
Diskriminazioa
Argentinan egin dituzten inbertsioak babestu ditu eta erabakiarekin Repsol "diskriminatu" dela salatu, izan ere, nazionalizazioak YPFri soilik eragiten dio eta horren kapitalaren barruan, Repsolen esku dauden akzioei bakarrik.
"Nola esan diezagukete arduradun bakarrak garela? Hau diskriminazioa ez bada, zer da? Espainiako konpainia gara eta liskarretarako gogoz daude", berretsi du Brufauk.
Repsolen presidenteak iragarri du nazioartera joko duela eta zituen akzioen konpentsazioa eskatuko duela, izan ere, bere esanetan akzio bakoitzak 46,55 euro balio du.
Gobernuak neurriak hartuko ditu
Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroak esan du Argentinaren desjabetzea ez dela erabaki serioa eta "argudio ahulak" erabili dituela.
RNEn egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Argentinaren jarrera arbitrarioa izan da, baztertzailea eta ez ditu Argentinako eta nazioarteko eskubideak errespetatzen. Soriak argi adierazi nahi izan du ez direla argentinarrekiko harremanak aldatuko, egungo Gobernuarekiko baizik, izan ere, duela gutxi desjabetzearen aukera baztertzen omen zuen.
Datozen egunetan Espainiako Gobernuak neurri "diplomatikoak, komertzialak, industrialak eta energiarekin lotutakoak" hartuko dituztela iragarri du.
Bestalde, "NDFren aholkuen kontra" 2001ean Espainiak Argentinari 1.000 milioi dolar utzi zizkiola gogorarazi du. Hala ere, Espainiak ez omen du horren "ordaina" nahi, baina ez du Espainiako energia enpresa handienaren kontrako "erasorik" nahi.
"Argentinak bere oinari tiro egin dio"
Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerriko ministroak ohartarazi duenez, Argentinak "bere oinari tiro egin dio" eta "kalte konponezina" eragin diezaioke herriari YPF desjabetzeko erabakiarekin; izan ere, Espainiaren eta nazioartearen konfiantza hautsi du.
Garcia-Margallo Carlos Bettini Argentinako enbaxadorearekin bildu da Madrilen, Espainiaren ondoeza eta gaitzespena adierazteko.
Garcia-Margalloren hitzetan, "kaltea konponezina izan daiteke Argentinarentzat"; izan ere, "nazioarteko kredituaren mozketa jaso dezake".
Espainiako ministroak ez ditu Argentinaren aurka Gobernuak hartuko dituen neurriak azaldu, baina horiek zehazteko bilera teknikoa egin dutela iragarri du.
Halaber, Repsol espainiar enpresa bat izatean, eta beraz europarra, "EBk neurriak hartu beharko" dituela uste du ministroak; hala ere, ez du esan zeintzuk izan beharko liratekeen neurri horiek.