Ekonomia -

YPFren desjabetzea

'Etsaitasunezko erabakia'ren aurka neurriak iragarri ditu Gobernuak

Industria eta Atzerri ministroen hitzetan, erabaki ''arbitrarioa'' izan da Argentinarena eta ''energia osoarekin'' gaitzetsi dute. Ez dituzte zehaztu, baina neurri 'argi eta sendoak' iragarri dituzte.

Jose Manuel Garcia-Margallo eta Jose Manuel Soria. EFE
Neurri 'argi eta sendoak' iragarri ditu Gobernuak
Jose Manuel Garcia-Margallo eta Jose Manuel Soria. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoyren Gobernuak ''energia osoarekin'' gaitzetsi du YPFren % 51a desjabetzeko Argentinak hartutako erabaki ''arbitrarioa'', eta, horren aurrean, neurri ''argi eta sendoak'' iragarri ditu, ''Repsolen interesen eta atzerrian dauden Espainiako enpresen alde''.

Mariano Rajoy presidentearekin urgentziazko bilera egin ondoren, agerraldia egin dute Industria eta Atzerri ministroek astelehen gauean, Cristina Fernandez Argentinako presidenteak egindako iragarpena baloratzeko.

Jose Manuel Soriak eta Jose Manuel Garcia Margallok ez dute zehaztu zeintzuk izango diren neurriok, baina bai dagoeneko erabaki horiek jorratzen ari direla. ''Une egokian'' iragarriko dituztela esan dute.

Garcia Magalloren hitzetan, Argentinako Gobernuaren neurriak ''adiskidetasun giroa apurtu du''. Ministroek azaldu dutenez, Espainiaren eta Argentinaren arteko desadosunak adiskidetasunez konpontzeko otsailean sinatutako hitzezko akordio apurtu du Argentinak.

Soriak, bestalde, ''etsai-keinu'' bat izan dela esan du, bai ''Repsolen aurka'' eta baita ''Espainiaren eta Espainiako Gobernuaren aurka''. Argentinak elkarrizketa arauak apurtu dituen arren, ministroak espero du gaurkoaren ondoren keinua gehiago ez egotea.

Neurria Estrasburgon azter dezaten eskatuko dute, eta astearte honetan Argentinako enbaxadorea deituko du Atzerri ministroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea