Ekonomia -
Espainia, adibide desegokia
Espainiak 'konfiantza krisi bat' du, Sarkozyren arabera
Hori "zazpi urteko Gobernu sozialistaren emaitza" dela esan du Frantziako presidenteak. "Frantziar bakar batek ere ez du nahi Greziak ezagutu duena eta orain Espainia pairatzen ari dena", adierazi du.
Erredakzioa
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak ostegun honetan adierazi duenez, Espainiak "konfiantza krisi bat" du eta hori "zazpi urteko Gobernu sozialistaren emaitza" da.
Apirilaren 22tik maiatzaren 6ra bitartean izango diren Frantziako hauteskundeetarako proposamenak aurkezteko Sarkozyk egindako prentsaurrekoan esan duenez, "frantziar bakar batek ere ez du nahi Greziak ezagutu duena eta orain Espainia pairatzen ari dena"
"Espainiako lagunek bizi duten egoera, greziarrek bezalakoa, errealitateaz ohartzea laguntzen digu", azpimarratu du. "Konpromisoak betetzeko Espainiaren ezintasuna, hots, konfiantza krisia Espainia hondora eramaten ari da", gaineratu du.
Frantziak hartutako konpromisoak beteko dituen zalantzan ez jartzea eskatu du Sarkozyk, "zalantza txikiena egonda ere, konfiantza krisia etor daitekeelako eta Espainia dagoen egoera berdinera iritsi ahal garelako: interes-tasen gorakada nabarmena eta pentsioen eta soldaten beherakada".
Frantziako presidenteak Europako itun berria berriro aztertzeko Hollandek egindako proposamena kritikatu du. Honen esanetan, 2013rako defizit publikoa % 30ra eta 2016rako % 0ra mugatzeko asmoa duela nabarmendu du. "Bide horretan gaude", gaineratu du.