Ekonomia -
Igorren
Negarra enpresak kaleratze espedientea aurkeztu du erreformari helduta
CCOOk salatu duenez, Euskadiko "enpresa handi batek" erreforma horri helduz aurkezten duen lehen espedientea da.
Erredakzioa
CCOO sindikatuak salatu du Igorreko tximinia eta galdara elektrikoak egiten dituen Negarra enpresak 59 lagun kaleratzeko espedientea aurkeztu duela.
Ohar baten bitartez, lan erreformari helduta kaleratze espedientea aurkeztu duen Euskadiko "lehen enpresa handia" da, "langileei erraz eta merke guraizeak sartzeko".
Sindikatuaren esanetan, 59 lagun kaleratu nahi dituzte, langileen herena, 117 baitira denera.
CCOOk esan duenez, zailtasunak kaleratzerik gabe gainditzeko neurriak negoziatzea eskatu zion enpresa batzordeak zuzendaritzari.
Batzordean CCOOko 8 kide eta LABeko beste bat daude, eta kaleratuen artean, 54 urteko langileak eta enpresan 35 urte lanean eman dituztenak ere badaudela esan dute.
Kaleratzeko espedientea Mariano Rajoyren Gobernuak ezarritako eta joan den martxoaren 29ko greba orokorra eragin zuen legediarekin bideratuko da.
"Espedienteak ez du Jaurlaritzaren baimena jaso beharko erreformaren ondorioz. Kaleratzeak, gainera, urteko 20 eguneko kalte-ordainekin egingo dira, eta gehienez 12 hilabete kobratu ahal izango dira, enpresak arrazoi ekonomikoak argudiatu dituelako (galerak 2011 urtean eta eskaeren jaitsiera 2012an).