Ekonomia -
Langabezia Euskadin
Euskadiko langabeziaren datuak, 'berri txarra' Mendiarentzat
Langabe kopuruaren gorakada eta lan erreforma lotuta daudela esateko goiz dela esan duen arren, ez da lanposturik sortuko, bere ustez.
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak Euskadiko langabezia datuak “berri txarra” direla onartu du gaur, baina, haren hitzetan, “oraindik goiz” da langabe kopuruaren gorakada eta lan erreforma lotuta daudela esateko. “Kaleratzea merkatzeko eginda dagoela ematen du, eta ez enplegua errazteko”, adierazi du.
Itxaropentsu agertu da Mendia, erreformak Diputatuen Kongresuan egingo duen bidean taldeen ekarpenen bitartez idatzian aldaketak egingo direlakoan. “Orain planteatuta dagoen moduan”, kontratazioa ez duela batere bultzatzen azpimarratu du Mendiak.
Euskadiko langabezia tasaren gorakadaz galdetu diotenean, Mendiak “hainbat faktore” daudela adierazi du, krisi ekonomiko “luzeak” enpresa asko ixtea ekarri duela esaterako. Hala ere, lan erreforma hau enpresarientzako “tresna” dela gogorarazi du.
Mendiak langabezia datu hauek “berri txarra” direla onartu du eta Patxi Lopez 161.918 langabeengatik “oso kezkatuta” dagoela azpimarratu du.
Eusko Jaurlaritzak langabeak lan merkatura bueltatzeko, “tresnak” martxan jarri dituela esan du, eta, “enplegurako laguntzetan murrizketak” egin beharrean, Jaurlaritzak laguntzak “sustatuko” dituela nabarmendu du.