Ekonomia -
2012ko Estatuko Aurrekontuak
Gobernuak % 22ko murrizketa egin du Hezkuntzan
Demokraziako Aurrekonturik zorrotzenetan, halaber, % 25,6 murriztu dute Ikerketa eta Garapenean, eta % 25, Zientzian.
Erredakzioa
Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoko ministroak 2012ko Estatuko Aurrekontu Orokorren Lege proiektua aurkeztu du gaur Diputatuen Kongresuan. Mariano Rajoyren Gobernuak egindako lehen Aurrekontuak dira.
2012ko Aurrekontuek murrizketa zorrotzak ekarri dituzte. Besteak beste, % 21,9ko murrizketa egin dute Hezkuntzan, eta % 25,6koa, Ikerketa eta Garapenean. Gaizki atera ez den erakunde bakarra Errege Etxea izan da. Defentsan, halaber, ez da murrizketa handirik izan; % 8,8 egin du behera.
Orokorrean, Estatuko Aurrekontuek defizit publikoa % 8,5etik % 5,3ra murrizteko helburua dute, eta horretarako 27.300 milioi euroko murrizketa egingo dute, Demokrazian egindako handiena.
Aurrekontu horiek aurkezteko gastua asko murriztu behar izan du Gobernuak, eta halaber, aurrekontuekin batera lege dekretu bat prestatu dute hainbat zerga moldatzeko.
Sozietateen zergan eta tabakoaren zergan aldaketak ezarri dituzte, eta Espainiara itzultzen den edo Espainia barruan ezkutatuta dagoen diruarentzat 'zerga amnistia' ezarri dute. Horrela, ezkutuko dirua deklaratzen dutenek % 8 eta % 10 bitarteko zerga berezia bakarrik ordaindu beharko dute. Dena den, amnistia hori ez da Euskadin ezarriko.
Bestalde, gastuek % 9,6 egingo dute behera aurten, 122.083 milioi euroraino. Murrizketa horrek batez ere Ministerioetan (% 16,9) izango du eragina, 65.803 milioi euro murriztuko baitira.
Gobernuaren hitzetan, Ministerioetako murrizketa horri esker, funtzionarioen soldata eta oinarrizko laguntzak (erretiro pentsioak eta langabeentzako asegurua) izoztu ahal izango dituzte.
Guztira, aurtengo gastu soziala % 56,2koa izango da, 175.382,7 milioi eurokoa; 2011n baino % 4,3 gutxiago.
Zenbait murrizketa
- Ministerioak: % 16,9
- Hezkuntza: % 21,9
- Bekak: % 11,6
- Osasuna: % 6,8
- Zientzia: % 25
- Ikerketa, garapena eta berrikuntza: % 25,6
- Turismoa: % 30
- Kultura: % 15,1
- Errege Etxea: % 2
- Enplegurako politika aktiboak: % 21,3
- Lanbide heziketa: % 34,3
- Langabeentzako laguntzak: % 5,4
- Enplegurako zerbitzu publikoa: % 15
- Garapenerako laguntzak: % 65
- Industria eta energia politikak: % 32,3
- Etxebizitzarako politikak: %31,7
- Defentsa: % 8,8
- Espainiako zinema: % 36,1
Epeak
Ondoren, berriz itzuliko dira Kongresura, eta seguru aski ekaineko lehen saioan onartuko dituzte behin betiko.
Mariano Rajoyren Gobernuak prestatutako Aurrekontu hauek indarrean daudenak ordezkatuko dituzte. Izan ere, une honetan 2011koak daude indarrean, gobernuburuak luzatu egin baitzituen, berriak diseinatu arte.