Ekonomia -

Zortzigarren igoera jarraian

Langabezia igo egin da Espainian, lan erreformaren lehen hilabetean

Hain zuzen ere, % 0,82 (38.769 pertsona) hazi da. Langabeziak marka berria ezarri du, guztira 4.750.867 pertsona baitaude lan gabe.

EAEn 161.918 langabe daude. Argazkia: EITB
EAEn 161.918 langabe daude. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabezia % 0,82 igo da otsailetik martxora Espainian, 38.769 pertsona geratu baitziren lan gabe, Lan Ministerioak iragarri duenez. Ondorioz, langabeziak marka berria ezarri du, eta 5 milioi langabeetatik gertuago dago: 4.750.867.

Horrenbestez, lan erreformaren lehen hilabete osoan (otsailaren erdialdean onartu zuten) berriz igo da langabezia, zortzigarren hilabetez jarraian. Iazko martxoko datuekin alderatuta, gainera, langabezia % 9,63 (417.198 pertsona) hazi da.

Oro har, sektore guztietan igo da, baina batik bat zerbitzuetan (% 0,54; 15.061 pertsona), industrian (% 0,93; 4.988 pertsona), nekazaritzan (% 2,99; 4.882 pertsona) eta eraikuntzan (% 0,30; 2.444 pertsona). Aldez aurretik lana ez zuten pertsonen sektorean % 2,84 (11.393 pertsona) handitu da.

25 urtez azpikoen arteko langabezia ere % 1,40 (7.037 pertsona) igo da, eta % 0,75 (31.732) 25 urtez gorakoen artekoa.

Euskadi

Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) dagokionez, langabezia % 1,62 (2.588) hazi da, eta ondorioz 161.918 dira dagoeneko lan gabe daudenak.

Urteko lehen hiru hilabeteetan, 10.367 pertsona geratu dira lan gabe, iazko lehen hiruhilekoan baino % 6,84 gehiago.

Lurraldeka, Bizkaian 91.055 langabe daude, martxoan % 1,49 (1.328 pertsona) igo eta gero; Gipuzkoan 45.595, % 1,84 (822 pertsona) hazi eta gero; eta Araban 25.267, % 1,76ko (438) hazkundea izan eta gero.

Urtetik urterako portzentajea kontuan hartuta, Bizkaian % 9,05 hazi da, Gipuzkoan % 5,65 eta Araban % 1,50.

Nafarroa

Kataluniarekin eta Balearrekin batera, Nafarroa langabezia murriztu duen erkidego bakarra izan da.

Izan ere, 392 pertsonak lana topatu dute otsailetik martxora, eta ondorioz langabezia % 0,75 jaitsi da. Orotara, 51.551 pertsona daude lan gabe Nafarroan.

Iazko martxoko datuekin alderatuta, langabezia % 13,79 igo da bertan, hots, 6.247 pertsona.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea