Ekonomia -

2012an

Gobernuak 'zerga amnistia' onartu du, iruzur fiskalari aurre egiteko

Estatuak 12.314 milioi bilduko ditu. Sozietate-zergaren eta tabakoaren zerga ez da igoko, baina zerga-ordainketa eta dedukzio sisteman aldaketak egin dituzte.

Cristóbal Montoro. Efe.
Cristóbal Montoro. Efe.
Cristóbal Montoro. Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuak 12.314 milioi euro bilduko ditu aurten zergen igoeraren eta aldaketaren bitartez, Cristobal Montoro Ogasun ministroak jakinarazi duenez.

Abenduan iragarritako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondasun higiezinen gaineko zergaren igoerari, sozietateen gaineko zerga eta tabakoaren zergaren gainean egindako aldaketak gehitu behar dira.

Neurri bi horiek, lege dekretu bidez, 2012ko Aurrekontu legearen aurreproiektuarekin batera datoz.

Sozietateen eta tabakoaren zergen harira, "zergak igoko ez" direla azpimarratu du Montorok; baina zerga-ordainketa eta dedukzio sisteman aldaketak egin dituztela iragarri du.

Sozietateen zergan amortizazio askatasuna bertan behera utziko dute; hala ere, enpresa txiki eta ertainentzat eta langileen kopurua handitzen duten enpresentzat indarrean jarraituko da.

Halaber, onura fiskalak beste urte batzuetara atzeratzeko aukera bertan behera utzi dute eta ordainketa zatikatua egiteko sistema aldatu dute.

Tabakoaren gaineko zergari dagokionez, zergaren birbanaketa bat aurkeztu du Montorok, diru gehiago jasotzeko eta kontrabandoa murrizteko.

Halaber, Montorok Aurrekontuen aurreproiektuaren barruan ez dagoen eta datorren Ministroen Kontseiluan onartuko den iruzurraren aurkako plana aurkeztu du.

Ildo horretan, % 10eko "tasa berezi" bat ezarriko dela iragarri du deklaratu gabeko errentak erregularizatzeko helburuarekin, hau da, atzerrian zein Espainian dauden ondasunak azaleratzeko "amnistia zerga" moduko bat izango da.

Hori horrela, Espainiara itzultzen den diruak % 10eko tasa hori ordaindu beharko du, baina ez du zigorrik izango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea