Ekonomia -

Aurrekontuen aurreproiektua

Gobernuak aurrekontuak onartu ditu, 27.300 milioiko murrizketarekin

Espainiako Gobernuak % 16,9ko "murrizketa zorrotza" iragarri du ministerioetan; sozietateen errenten gaineko zergaren erregulazioa egiteko programa bat abian jarriko du, baina ez du BEZa igoko.

Cristobal Montoro, Soraya Saenz de Santamaria eta Jose Manuel Soria. Efe.
Cristobal Montoro, Soraya Saenz de Santamaria eta Jose Manuel Soria. Efe.
Aurrekontu zorrotzak onartu ditu Rajoyren Gobernuak

00:58

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ministroen Kontseiluak 2012ko Estatuko aurrekontu orokorren aurreproiektua adostu du gaur, demokrazian inoiz izandako zorrotzena, alegia, 27.300 milioi euroko murrizketa onartu baita. Murrizketa hori, hain zuzen, gastuen eta diru-sarreren bidetik lortuko dela jakinarazi du Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak.

Gastuei dagokienez ministerioetan "murrizketa gogorra" iragarri du, % 16,9koa izango dela azaldu du, diru-sarrerei dagokienez, berriz, enpresa handientzako sozietateen errenten gaineko zergaren erregularizazio fiskalaren inguruko programa baten berri eman du, eta hortaz, horrek zerga horren igoera eragingo du.

Halaber, Estatuko Aurrekontu Orokorrek ez dutela balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZ) igoerarik jasotzen adierazi du kontsumoan eta ekonomiaren hazkuntzan eraginik izan ez dezan.

Gainera, funtzionarioen soldatak bere horretan mantenduko dira, ez dira jaitsiko, langabeziagatik jasotzen diren laguntzak ez dira murriztuko eta gainerako gizarte laguntzetako gastua ere mantendu egingo dela iragarri du.

"Murrizketak etxean hasi ditugu", esan du Saenz de Santamariak ministerioetan iragarri duten "doitze gogorrari" erreferentzia eginez. "Kontu publikoaren eta langabeziaren inguruan muturreko egoera batean gaude" esan du Saenz de Santamariak aurreproiektua adostu den bileraren ostean, datorren asteartean igorriko dute Diputatuen Kongresura.

12.314 milioi, zergen igoeran

Zergen igoera dela eta 12.314 milioi euro bilduko ditu Estatuak, Cristobal Montoro Ogasun ministroak prentsaurreko berean aurreratu duenez.

Abenduan iragarritako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondasun higiezinen gaineko zergaz gain, enpresa handiei sozietateen errenten gaineko zerga igoko zaie.

Halaber, % 10eko "tasa berezi" bat ezarriko dela iragarri du deklaratu gabeko errentak erregularizatzeko helburuarekin, hau da, atzerrian zein Espainian dauden ondasunak azaleratzeko "amnistia zerga" moduko bat izango da.

Hori horrela, Espainiara itzultzen den diruak % 10eko tasa hori ordaindu beharko du, baina ez du zigorrik izango.

"Espainia fidagarria izango da 2012an eta % 5,3ko gehienezko defizita beteko du", esan du Montorok.

Horretarako, "murrizketa zorrotza" egingo dute, eta horrek gastuarengan eragina izango du, baina aurrekontuak orekatzeko balio izango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea