Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Alfonso Alonso: 'Grebak eragin txikia izan du'
Bestalde, Ignacio Fernandez Toxok (CCOO) eta Joseba Villarealek (ELA) bat egin dute grebaren arrakastak Gobernuari mezu "argia" bidali diola esatean.
Erredakzioa
Greba orokorrak "eragin txikia" izan duela eta 2010ean egindakoak baino "babes gutxiago" lortu duela esan du Radio Euskadin Alfonso Alonso Kongresuko PPko bozeramaileak. Alonsok azpimarratu egin du Gobernuak "aurrera jarraitu behar duela erreformekin", hori baita "dagoen bide bakarra". Gainera, "mehatxuekin okerreko bidea" egiten ari direla esan die sindikatuei.
PPren bozeramailearen hitzetan, "ez dago bestelako aukerarik", gauza da "erreforma edo krisiaren artean hautatzea". Hori dela eta, sindikatuek "jarrera arduratsua izan" eta Gobernuarekin elkarlanean aritu behar direla esan du, "herriak aurrera egin dezan".
Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak, Radio Euskadin egindako elkarrizketan, erreformaren edukia "asko hobetu" daitekeela adierazi du eta Gobernuari "kontsentsu indartsua" lortzeko "negoziazioa" bultzatuko duen "mezu argia" exijitu dio. Hori horrela ez bada, sindikatuek "gatazkarekin" jarraituko dutela ohartarazi du Toxok eta "erabat kaltegarria den erreforma" albo batera utzitakoan amaituko dela adierazi du.
Joseba Villareal ELAko negoziazio kolektiboko arduradunaren ustez, "ez dago politikan konfiantza izateko motiborik, merkatuei, finantza eliteei eta patronalari" lehentasuna ematen dielako. Villarealek iragarri duenez, Rajoyk nahi duena egiten jarraituko du "bere gehiengo absolutuarekin" eta EAEko patronalak osteguneko grebaren ostean lan erreforma ezartzeko "zailtasun gehiago" izango dituela adierazi du.
ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak Euskadin greba "historikoa" izan dela azpimarratu du eta "Gobernuek kapitalarekiko duten mendekotasuna salatzeko" kalera irtetea beste aukerarik ez dagoela adierazi du.