Ekonomia -
Ministroen Kontseilua
De Guindosen arabera, aurrekontuek EB 'konbentzitzeko balioko dute'
Mariano Rajoyren Gobernuak 2012ko aurrekontuak onartuko ditu. Inoizko aurrekontu zorrotzenak izango dira; gastu publikoak % 40ko murrizketa izango du.
Erredakzioa
Luis De Guindos Ekonomia ministroaren arabera, Espainiako Gobernuak gaur onartuko dituen aurrekontu orokorrak zorrotzak izango dira, gastu publikoaren murrizketan oinarrituko da eta Europar Batasuna "konbentzitzeko" balioko dute.
"Konbentzituko duen aurrekontua izango da. Oso ziur nago", esan du Ekonomia ministroak Kopenhagen, Eurotaldearen bilerara iritsi den unean. "Espainiak espainiarrentzat arazo izateari utziko dio baita Europar Batasunarentzat ere", erantsi du.
Aurrekontuak "Espainiako Gobernuak fiskaltasunaren eta aurrekontuen egonkortasunarekin duen konpromisoa agerian utziko" duela esan du De Guindosek.
Inoizko aurrekontu zorrotzenak
Oro har % 15 murriztuko dute Ministerioen gastua, krisiari aurre egiteko eta defizita % 8,5etik % 5,3ra jaisteko helburuz.
Hori da, hain zuzen ere, Mariano Rajoyren Gobernuaren helburu nagusia, defizita murriztea beharrezkotzat jotzen baitu ekonomia suspertzeko.
Defizit helburua betetzeko, Gobernuak hiru puntuko eta 35.000 milioi euroko murrizketa egin beharko du aurten. Nolanahi ere, Funcasek, Fedeak eta beste hainbat erakundek uste dute murrizketa 60.000 milioi eurokoa izan beharko litzatekeela.
Agintera heldu eta gero, Rajoyk egindako lehen gauzetako bat iazko Aurrekontua luzatzea izan zen, baina aldaketa batzuk eginda, zergak igoz defizita 15.000 milioi euro murrizteko.
Murrizketa horrek % 6an utzi du defizita, baina oraindik 20.000 milioi eurokoa egin behar da administrazio guztien artean. Estatuak 5.000 milioikoa egin nahi du Aurrekontuetan gaineratuko dituen neurriekin.
Murrizketa horren ondorioz, % 8,5eko ezusteko defizita % 6n uzten du, baina 20.000 milioi euroko doitzea egiteke dute administrazio guztien artean. 20.000 milioi horietatik Estatuak 5.000 milioi bere gain hartzeko asmoa du, eta horretarako erabakiak Aurrekontuen Legean bilduko ditu.
Gauzak horrela, Gobernuak inbertsio publikoa murriztu egin beharko du, %40. Ministerioen gastuek ere murrizketa izango dute, % 15 batazbeste. Gainera, funtzionarioen soldatak izoztu egingo ditu Gobernuak, soldata horiek murriztea kontsumoan eragin latza izango lukeelako.
PPren lehen aurrekontuak
Rajoyren Gobernuaren lehen aurrekontu publikoak dira. Gobernuak finantza gastuak ez direnei ere muga jarri beharko die, gastua 118.565 milioietan jarri behar baitzuen defizita Bruselarekin adostu aurretik.
Muga horrek % 4,7ko jaitsiera zekarren eta aldatu egin beharko dute, Europako Batzordeak 5.000 milioiko doitze gehigarria eskatu baitzion Espainiari, eta doitze hori Administrazio zentralak hartuko baitu bere gain.