Ekonomia -
M-29: Greba Orokorra
Greba orokorrak Euskadi eta Nafarroa geldiarazi ditu
Sindikatu abertzaleek nahiz CCOOk eta UGTk greba historikotzat jo dute eta Mariano Rajoyren Gobernuari "lan-erreformaren aurkako gizartearen aldarriari" entzungor ez egiteko eskatu diote.
G.P. / M.B.
Alde batetik sindikatu abertzaleek, eta bestetik, UGTk eta CCOOk ostegun honetarako deitu duten greba orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa geldiarazi ditu.
Sindikatu guztiak bat etorri dira deialdia "orokorra" eta "arrakastatsua" izan dela esaterakoan eta Mariano Rajoyren Gobernuari hausnarketa egiteko eta lan-erreforma indargabetzeko exijitu diote.
PARTE-HARTZEA: JAURLARITZAREN DATUAK Eusko Jaurlaritzaren arabera, grebak % 71,9ko jarraipena izan du administrazio publikoan eta % 60-70ekoa pribatuan. Parte-hartzerik handiena Hezkuntzan izan da: % 86k egin dute greba.
Lakuan, parte-hartzea % 78,32koa izan da; Osakidetzan, % 49,91koa; Justizian, % 77,64koa; eta Herrizaingoko langileen artean, % 67,44koa.
Sektorez sektore, grebak Garraioan izan du jarraipen zabalena: % 77. Industria sektorean, parte-hartzea % 63koa izan da; Zerbitzuetan, % 33koa; eta Komertzioan, % 67koa.
Lurraldez lurralde, Gipuzkoan nabarmendu da gehien lanuztea: Garraioan, langileen % 69k egin dute bat grebarekin; Industrian, % 62k; Zerbitzuetan, % 42k; eta Komertzioan, % 26k.
Arabako datuak, ostera, hauek izan dira: Garraio sektorean jarraipena % 57koa izan da; Industrian, % 56koa; Zerbitzuetan, % 32koa; eta Komertzioan, % 41ekoa.
Bizkaian, berriz, parte-hartze handiena Komertzio sektorean izan da: langileen % 98k egin dute greba; Garraioan, % 79k; Industrian, % 69k; eta Zerbitzuetan, %29k.
PARTE-HARTZEA: SINDIKATUEN DATUAK
Sindikatu abertzaleen datuen arabera, grebak %87ko jarraipena izan du industrian, eta ia erabatekoa garraio publikoan, zerbitzu minimoak soilik bete direlarik. Osakidetzan, sekulan izan den jarraipen zabalena izan omen da gaurkoa, eta Administrazio publikoan ere 10 langiletik 8k greba egin omen du, ELA eta LABen esanetan.
Bestalde, UGTk eta CCOOk emandako datuen arabera, langileen % 95ek egin dute bat grebarekin Euskal Autonomia Erkidegoan eta % 90ak Nafarroan.
MANIFESTAZIOAK
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia politikariei zuzendu zaie eta "kalera begiratzeko" eta "lan-erreformaren aurkako gizartearen aldarria entzuteko" eskatu die.
Adierazpen horiek Bilboko manifestazioan egin ditu. ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK, EHNE, Hiru eta CGT sindikatuek euskal hiriburuetan deitutako martxarik jendetsuena izan da Bilbokoa, 25.000-30.000 langileren parte-hartzearekin.
Politikariek 'ezetz' esaten jakin behar dutela eta gizartearen interesak lehenetsi behar dituztela azpimarratu du: "Horrela jokatuz gero, Islandiaren bidea hartuko genuke eta ez Greziarena; politika elkartasunaren zerbitzura jartzea eskatzen ari gara". "Erasoak" jarraituko duela ohartarazi ostean, sindikatuek lanari eutsi behar diotela esan du. "Gure agendarekin segi behar dugu; gugan konfiantza izan behar dugu, konfiantza borrokan eta konfiantza mobilizazioan; hori da gure bidea", erantsi du. Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak gaurko greba egunaren arrakasta nabarmendu du, "benetan orokorra eta zabala izan delako", eta, egungo boterea 'botinokrazian' oinarritzen dela kritikatu du, Emilio Botin Banco Santanderreko presidenteari aipu eginez. Sindikatu abertzaleek milaka lagun bildu dituzte Donostian eta Gasteizen egindako manifestazioetan ere.
Bestalde, UGTk eta CCOOk ere milaka lagun bildu dituzte euskal hiriburuetan egindako manifestazioetan, ‘Greba orokorra. Guztiarekin amaitu nahi dute’ lelopean.
CCOO Euskadiko idazkari nagusiak esan duenez, ‘arrakasta istorikoa’ izan da gaurko greba deialdia. Unai Sordoren esanetan, 1988ko grebaz geroztik ez da izan gaurko grebaren parekorik. Bere ustez, geldialdia arrakastatsua izan da alor eta iharduera guztietan.
Damaso Casado UGT-Euskadiko buruak, berriz, zera azpimarratu du, gaur ‘miloika lagun’ ari direla mobilizatzen, ‘eta gehienek greba egitea erabaki dute lan erreformarekin haserre daudelako’.
‘Langile aktibo guztiak daude gaur greban: gazteak, langabetuak, erretiroa hartu dutenak... zera esateko: Rajoyk ez duela ordezkatzen gizartearen gehiengoa. Botua eman zizuten, baina egiten ari zarena jendearen eskubideen aurka doa, beraz, aldatu politika eta eser zaitez sindikatuekin’, esan du Casadok.
Gizonezko bat, larri
Ertzaintzak zortzi lagun atxilotu ditu goizean Euskal Autonomi Erkidegoan, bost Araban eta hiru Bizkaian. Gainera, beste hamar lagun inputatu egin ditu euskal poliziak.
Gasteizen jazotako istiluetan lagun bat larri zauritu da, buruan kolpea hartuta. Ertzaintzaren arabera, poliziarekin izandako istiluetan, gizonezkoa ihes egiten ari zela lurrera jausi eta buruan kolpea hartu du. Horren ondorioz, Zainketa Berezien Unitatean ingresatu behar izan dute. Edizio hau isteko orduan (18:00), gaztea larri zegoen. Beste bi ertzain ere zauritu dira greba egun honetan. Bilboko epaitegia zaintzen ari zirela, manifestari talde batek kezko poteak jaurti ditu kanpoaldean. Ertzainak zer gertatzen ari zen ikustera irten direnean, harriak eta bestelako gauzak jaurti dizkiete. Horietako batek buruan kolpatu du ajente bat, eta horren ondorioz buruko hezurra apurtuta du.
Horretzaz gain, Ertzaintzak etxean egindako lehergailu bat indargabetu du Lanestosan. Erasotzaileek Bizkaibus baten azpian jarri dute lehergailua, baina ez du eztandarik egin. Berangon, ezezagun batzuk molotov-koktela bota dute Iberdrolaren estazio baten aurka, nahiz eta kalte arinak eragin dituen.
Greba, Nafarroan
Nafarroan ere sindikatuek arrakastatsutzat jo dute gaurko deialdia, eta jarraipen ‘oso zabala’ izan dela azpimarratu dute. Istilu txiki batzuk besterik ez direla jazo adierazi dute UGT sindikatuko Juan Goyenek eta CCOOko Jose María Molinerok.
Volkswagen enpresak Landabenen duen faktorian, esate baterako, grebak langile guztien babesa izan du.
ELA-k ere Foru lurraldeko zerbitzu publikoetan deialdiak izan duen jarraipena azpimarratu du, besteak beste Osasunbidean baita Hezkuntza alorrean, Justizian eta bestelako administrazioetan ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere geldialdia ia erabatekoa izan da. LAB-ek jakinarazi duenez, garraio publikoan geldialdia ia erabatekoa izan da, eta zerbitzu minimoak besterik ez dira bete.
Nafarroako enpresarien elkarteko presidenteak, Jose Antonio Sarriak, onartu egin du grebak babes zabala izan duela, ‘baina akaso espero baino eskasagoa izan da’, bere ustez. Enpresarien buruak piketeen eragina salatu egin du. Ildo beretik, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak gaitzetsi egin du ez dela errespetatu lan egin nahi zuen jendearen eskubidea ‘eta gainera zenbait komertzioetan erasoak eta kalteak eragin dira’.