Ekonomia -
Espainiako Bankuaren datuak
BPGak atzera egin du eta langabezia hazi egin da lehen hiruhilekoan
Turismo-sektoreak soilik eutsi dio, atzerritarrek eman dituzten gauen kopurua handitu egin delako.
Erredakzioa
Espainiako ekonomiak atzera egin du berriz ere urteko lehen hiruhilekoan eta langabezia tasa handitu egin da, gaur argitaratu den Espainiako Bankuaren ekonomia buletinaren arabera.
Kontsumo pribatua eta bezeroen konfiantza neurtzen dituzten adierazleak 2010 urteko mailara jaitsi dira.
Ez da datu zehatzik ematen, baina joerak "atzeraldiko dinamika" berresten duela esan dute.
Espainiako Bankuaren esanetan, ibilgailu pribatuen matrikulazioek % 3,9ko jaitsiera izan dute, eta % 4,7 jaitsi dira txikizkako merkataritzaren salmentak. Eraikuntzan, gainera, Gizarte Segurantzako afiliatuen kopurua ere jaitsi egin dela iragarri dute.
Turismoaren sektorea da "indartsu" jarraitzen duen bakarra, izan ere, atzerritarrek bertan igaro dituzten gau kopuruak eta gastuak gora egin dute.
Lan-merkatuari dagokionez, lanpostuen desagerpena areagotu egin da 2012ko lehenengo hilabeteetan eta gizarte segurantzan afiliatutakoen kopurua murriztu egin da berriro otsailean.
Espainiako Bankuak 2011ko defizit publikoaren desbideratzea aipatzen du, eta begi onez jo ditu Gobernuak 2012rako ezarritako gehienezko gastua eta BPGren % 5,3ko defizita.
Bestalde, Eurogunean "egonkortasun zantzuak" ikusten ditu Espainiako Bankuak, baina oraindik suspertzea "maila baxuan" ematen ari dela ohartarazi du.