Ekonomia -

Elkarrizketa

'Greba muturreko erantzuna da, muturreko erreforma baten aurrean'

Hala azpimarratu du Gemma Zabaleta Lan sailburuak Radio Euskadin egindako elkarrizketan. "Lan erreforma honek enpresarien eta langileen arteko oreka apurtzen du", erantsi du.

Gemma Zabaleta Lan sailburua Radio Euskadiko estudioan. Argazkia: EITB
Gemma Zabaleta Lan sailburua Radio Euskadiko estudioan. Argazkia: EITB
Gemma Zabaleta Lan sailburua Radio Euskadiko estudioan. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gemma Zabaleta Lan sailburuaren iritzian, osteguneko greba orokorra "muturreko erantzuna da, muturreko lan erreforma baten testuinguruan kokatu behar dena". Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Zabaletak ohartarazi du greba orokorrak "inoiz ez" direla positiboak, "ekonomia gelditzea suposatzen dutelako". Nolanahi ere, sindikatu guztiek grebara deitu izanak, "PPren Gobernuak onartutako lan erreformaren ondorioen inguruan hausnarketa sakona eragin behar du". Zabaletaren esanetan, "lan erreformak kaleratzeak inoiz baino gehiago erraztuko ditu eta langileek ez dute ezer jasoko; beraz, enpresarien eta beharginen arteko oreka hautsita geratuko da". Bestalde, datorren osteguneko lanuztean "greba egin nahi dutenen nahiz lanera joan nahi dutenen eskubideak errespetatu behar dira eta gutxiengo zerbitzuak bermatu behar dira". Jaurlaritzak gutxiengo zerbitzu horiek betetzen direla bermatuko duela azpimarratu du eta greba honek aurrekoak baino arrakasta handiagoa izan dezakeela iritzi dio; izan ere, "kezkatuta dagoen mugimendu soziala eta sindikala dago atzean". Lan erreformak "kaleratzeen merketzea" eta "lan erregulaziorako espedienteak administrazioen esku ez geratzea" ekarriko duela deitoratu du. Gainera, "desorekatua da, hitzarmen kolektiboari garrantzia kentzen dio eta sindikatuen papera zalantzan jartzen du". Eusko Jaurlaritzak "oinarrizko araudia" errespetatu egingo duela esan du, baina euskal autonomia erkidegoari dagozkion eskumenetan Espainiako Gobernuarekin "kolaboratzea edo ez" kasuan kasu aztertuko dutela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea