Ekonomia -
Tarifa
Argindarraren prezioa % 5 eta % 7 artean igoko da apiriletik aurrera
Jose Manuel Soria Industria ministroak adierazi duenez, Gobernuak tarifa igo behar izan du Auzitegi Gorenaren auto bat betetzeko.
Erredakzioa
Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroak iragarri egin du azken baliabideko tarifa elektrikoa % 5 eta % 7 artean garestituko dela apirilaren 1etik aurrera. 20 milioi etxe eta enpresa txiki eta ertainek dute tarifa mota hori.
Antena 3en eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, Gobernuak Auzitegi Gorenaren auto bat betetzeko igo behar izan du argindarraren prezioa, tarifa-defizita sortzeko urteko muga gainditu izana tarifa elektrikoan edota enpresen kostuetan kargatzera behartu baitu.
Ministroaren esanetan, tarifa-defizit metatua 24.000 milioi eurotik gorakoa da jadanik, baina kontsumitzaileak ez direla zor horri aurre egingo dioten bakarrak izango adierazi du, sektore elektrikoko operadoreek eta kontu publikoek ere lagundu beharko baitute.
"Ezin gara kontsumitzaileak izan sistema elektrikoaren diru-sarreren eta kostuen artean dagoen desorekaren zama guztia jasan behar dugunak", Soriaren iritzian.
Hori horrela eginez gero, argindarraren tarifa % 40 garestitu beharko litzatekeela ziurtatu du Soriak, eta "herrialdea ez dago gisa horretako zamari aurre egiteko moduan", erantsi du.
Ondorioz, horren zati bat, "baina % 40ko maila horretatik oso urrun", kontsumitzaileek hartu beharko dute bere gain; beste bat, sistemako operadoreek; eta beste bat, kontu publikoek.