Ekonomia -
Bizkaiko Foru Aldundia
Gilek espedientearen filtrazioa salatu du Datuak Babesteko Bulegoan
Melchor Gil sozialistaren espedientea Bizkaiko Foru Aldundiak filtratu izana baztertu du gaur Juan Mari Aburto erakunde horretako bozeramaileak.
Erredakzioa
Melchor Gil sozialistaren espedientea Bizkaiko Foru Aldundiak filtratu izana baztertu du gaur Juan Mari Aburto erakunde horretako bozeramaileak. Aukera hori aurreikusten ez dutela gaineratu du Bilbon egindako agerraldian.
Bizkaiko Ogasun ikuskaritzak iaz ikertu zituen lehendakariaren koinatua eta Bizkaiko PSEko idazkariorde nagusiaren diru-sarrerak. Auzia fiskaltzaren eskuetara heldu zen, eta horrek artxibatzea erabaki zuen. Orain, Gilek aurkeztutako dokumentuak aztertuko dituzte.
Martxoaren hasieran, Melchor Gilen espedientea EAEko hainbat egunkaritara heldu zen, mezulari baten bidez. Sozialisten ustez, filtrazioa hau Ogasun ikuskaritzako ordenagailuetatik atera da, "zalantzarik gabe".
Atzo, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak barne ikerketa bat ireki dutela iragarri zuen, informazio hura Aldundi barrutik atera den argitzeko helburuarekin.
Gaur, Aburtok esan du Foru Aldundiak ez duela aukera hori aurreikusten. Bere hitzetan, Bizkaiko Ogasun sistemak protokolo ugari erabiltzen ditu mota horretako prozeduratan.
"Beste kasu askotan" egin duten moduan, Melchor Gilen espedientea fiskalaren aurrera eraman zuten iazko martxoan. Urtero "hamarnaka" espediente eramaten dituztela azaldu du Juan Mari Aburtok.
Ogasun ikuskaritzako langileen "profesionaltasuna" goraipatu du Aldundiko bozeramaileak. "Herritarren lasaitasunerako" barne-ikerketa irekitzea erabaki dutela berretsi du.
Horrez gain, Gil auziaren baitan eman diren "irainak, astakeriak, gezurrak eta kalumniak" bildu egingo dituztela esan du Aburtok, guzti horien aurrean neurri judizialak hartu ala ez erabakitzeko.