Ekonomia -
Bat-egitea prestatzen
Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak integrazio prozesua hasi dute
Bien arteko aliantzari esker "ekonomia sozialaren finantza erakundearen proiektua" indartu nahi dute, "Estatuan kutxak banku bihurtzeko prozesuaren" alternatiba gisa.
Erredakzioa
Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak etorkizun batean bi erakundeen arteko integrazioa gauzatzeko "elkarrizketak" hasi dituztela iragarri dute.
Bien arteko aliantzatik sortuko den erakundea EAEko bigarren finantza erakunde indartsuena izango da eta Estatuko kreditu kooperatiben artean bigarrena, Euskadiko Kutxak azpimarratu duenez.
Finantza sistemaren berregituraketaren aurrean, bat-egiteak "bankua egiteko beste modu bat" indartu nahi duela adierazi dute, hau da, "helburua kooperatibismoaren baloreetan oinarritutako beste modu bat bultzatzea da", adierazi du Euskadiko Kutxak.
Euren esanetan, erakundeen kudeaketaren oinarrizko parametroak "sektoreko onenen artean daude" kaudimena, likidezia eta berankortasuna kontuan hartuta.
Euskadiko Kutxak 21.536 milioi euro ditu aktiboan, 364 sukurtsal, 1.200.000 bezero eta 1.887 lan bazkide. EAEn, Nafarroan, Aragoin, Errioxan, Gaztela eta Leonen, Asturiasen eta Madrilen.
IparKutxak, berriz, 3.967 milioi euro ditu aktiboan, 87 bulego, 175.000 bezero eta 397 langile. Bizkaian eta Araban du presentziarik handiena, baina Gipuzkoan ere baditu bulegoak.
Aliantzaren helburua "ekonomia soziala bultzatuko duen finantza erakundea" sortzea dela azpimarratu dute, "kutxak banku bihurtzeko Estatuko Finantza sistemaren prozesuaren" alternatiba gisa.