Ekonomia -

Zerga eta Finantza Politika

Erkidegoek % 1,5eko defizita onartu dute, Andaluziak izan ezik

Kataluniak eta Kanariak ez dute botorik eman, eta Nafarroak eta Euskadik aldebiko batzarrak egin ondoren sinatuko dute. Nafarroa defizitaren alde dago, baina Aguirre ez dago ados banaketarekin.

Cristobal Montoro. Argazkia: EFE
Erkidegoek % 1,5eko defizita onartu dute
Cristobal Montoro. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2012ko defizitaren muga BPGren % 1,5ekoa izatea onartu dute astelehen honetan erkidegoek Zerga eta Finantza Politikaren Kontseiluan. Hala ere, Andaluziak kontrako botoa eman du, eta Kataluniako eta Kanarietako autonomia erkidegoetako gobernuek ez dute botorik eman, Cristobal Montoro Ogasun ministroak azaldu duenez.

Erkidego guztietako ordezkariak bildu dira astearte honetan Madrilen, Zerga eta Finantza Politikaren Kontseiluan, eta defizitaren muga ezartzea izan da eguneko gai nagusienetako bat.Bilera horretan, hornitzaileak finantzatzeko mekanismoari baiezkoa eman diote, eta, horri esker, egiteke dituzten ordainketei aurre egin ahal izango diete erkidegoek.Bilera bukatuta, komunikabide aurrean agertu da Cristobal Montoro ministroa, eta erkidegoentzat Estatuarentzat baino malgutasun gehiago eskatzea ''zentzugabea'' eta ''alferrikakoa'' dela esan du. Erkidegoek desbideratzea zuzentzerako orduan ez dutela ''nagiak'' izan behar ohartarazi du ministroak, desbideratze hori mezu erabat ezkorra baita.Montorok atsekabez hartu du Andaluziaren ezezkoa. ''Bertako gobernuak gastu publikoa zorroztearen aurka bozkatu du'', salatu du Montorok. ''Erabateko gardentasuna eskatu diegu'', gaineratu du.

Kataluniaren abstentzioa dela-eta, Montorok azaldu du erkidego horrek 2012ko aurrekontuen berri jakin nahi duela iritzia eman aurretik, eta Kanarietako Autonomia Erkidegoko gobernuaren erabakiari dagokionez, ministroak ez du adierazpenik egin.

Hiru jarrera horiek gorabehera, astearte honetako bilerak konfiantza mezua helarazi die merkatuei, Montororen ustez.

Andaluziaren ezezkoa

Carmen Martinez Aguayo Andaluziako Ogasun eta Administrazio Publikoko kontseilariak Andaluziaren ezezko botoa defendatu du; izan ere, defizit hori  "desegokia eta bihozgabea" da erkidegoekin, oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituztenekin, hain zuzen. Andaluziako kontseilariak azpimarratu du erkidegoak direla Osasuna, Hezkuntza edo Mendekotasuna alorretako oinarrizko gastuen arduradunak.

Erregimen ekonomiko berezia Nafarroarentzat eta Euskadirentzat

Nafarroak eta Euskadik, erregimen ekonomiko berezia dutenez, aldebiko batzarrak egin ondoren sinatuko dute defizit-muga. Edonola ere, Nafarroak argi utzi du bileran Gobernuaren muga babesten duela.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, bestalde, ez dago ados Ekonomia ministroaren neurri horrekin. Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioan egin dituen adierazpenetan, Aguirrek esan du ez dagoela ados banaketarekin, erkidegoei kalte egiten dielako.

Sailburuaren ustez, ez da arrazoizkoa denentzat defizit berdina ezartzea, eta Euskadik muga zabalagoa izan dezakeela gaineratu du. ''Momentu honetan hazkundea defizita baino garrantzitsuagoa da'', Aguirreren iritzian.

Edonola ere, Gobernuarekin akordioak lortzeko prest agertu da, bai defizit-mugari dagokionez eta baita kupoari dagokionez ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea