Ekonomia -
Eztabaida
Bizkaiko denda eta sindikatuak, jaiegunetan irekitzearen aurka
Sindikatuek zein dendari eta kontsumitzaileen elkarteek merkataritza-ordutegiak arautzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Manifestazioa deitu dute Bilbon, iganderako.
Erredakzioa
Sindikatuetako ordezkariek, merkataritza-elkarteek eta kontsumitzaileen erakundeek manifestu bat sinatu dute, Bizkaiko saltokiak igande eta jaiegunetan irekitzearen aurka.
Gaur goizean aurkeztu dute manifestua Bilbon. Prentsaurrekoan ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak izan dira, baita Bizkaidenda eta Euskaldendak merkatari-erakundeetakoak zein Euskadiko Kontsumitzaileen Elkartekoak. Ordutegien liberalizazioaren aurka agertu dira eta datorren igandean Bilbon izango den manifestazioa bultzatu dute.
Agirian merkataritza-ordutegiak arautzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Denda txikien eta arduraz kontsumitzearen alde ere egiten dute.
Agiriaren sustatzaileei Gernika, Algorta, Ondarroa eta Usurbileko merkatari-erakundeetatik ere heldu zaie babesa. Horrez gain, herritar eta kontsumitzaileen milaka sinadura jaso dituzte, horien ustez ere “ez baita batere beharrezkoa jaiegunetan saltokiak irekitzea”.
Ordutegien liberalizazioak “enplegua suntsitzea” baino ez dakar eta Bilboko kontsumoa aldirietako merkataritza-zentroetara lekualdatzea. Euskadiko kontsumitzaileen elkarte nagusien ustez, Bilboko Udalak “hanka sartu du” erabaki hori hartuta.