Ekonomia -

M-29

ELA eta LAB: 'Greba orokorra da eman dezakegun erantzun bakarra'

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT-LKN, EHNE eta Hiru sindikatuetako eta 30 gizarte-eragiletako ordezkariek martxoaren 29rako deitutako grebaren beharra aldarrikatu dute Bilbon.

Ainhoa Etxaide (LAB). Argazkia: EITB.
Ainhoa Etxaide (LAB). Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoaren 29ko greba orokorraren deitzaileek adierazi dutenez, egungo politikak aldatzeko eta "erasoei" erantzuteko greba orokorra da eman daitekeen "erantzun bakarra".

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT-LKN, EHNE eta Hiru sindikatuetako eta 30 gizarte-eragiletako ordezkariek martxoaren 29rako deitutako grebaren beharra aldarrikatu dute Bilbon.

ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek agerraldian adierazi duenez, "haserrea kalera eramateko ordua iritsi da", eta zalantzarik gabe "greba arrakastatsua" izango dela iragarri du. "Onartu diren murrizketei ezetz esan behar diegu, eta etor daitezkeenei aurre egiteko prestatu behar gara".

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari orokorrak esan du lan-erreformak ez duela lanposturik sortuko, "enpleguak gutxitu" baizik. Bere hitzetan, neurri berri horiekin, Espainiako Gobernuak "arazoari atzea eman dio", lan-erreformak ez duelako "arazorik konpontzen". "Lanuztearen aurka ez du ezer egiten, bai ordea langileen aurka", gaineratu du.

Nafarroako UGTk eta CCOOk, bestalde, martxoaren 11an lan-erreformaren aurkako protesta berriak egingo dituztela iragarri dute. Hori bai, ez dute greba orokorrarekin bat egingo duten argitu.

Ostiral honetan bertan, bi sindikatu horien batzordeek egoera aztertu eta "hartu beharreko erabakiak" adostuko dituzte.

Egun bat lehenago, "PPren Gobernuko lan-erreforma Kongresura helduko da", Goyenek (CCOO) gogoratu duenez.Molineroren hitzetan (UGT), hauteskundeak irabazi aurretik PPk herritarrei "iruzur egin zien, benetan egingo zutena ezkutatu baitzien". PPren aldeko botoa eman zutenei mezua helarazi die: "Espainiako langile guztiei eragingo die PPk onartutako lan-erreformak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea