Ekonomia -

Europar Batasuneko bilera

Ekaina arte ez dute berrikusiko Espainiaren defizita

Rajoyk berak baieztatu du, Europako goi-bileraren lehen jardunaldian. Aurrekontuak ''arrazoizkoa eta zentzuzkoa dena oinarri hartuta'' egingo dituzte, eta gaur bertan onartuko dute gastu-muga.

Bruselan egin duten Europako Kontseiluaren talde argazkia. EFE
Bruselan egin duten Europako Kontseiluaren talde argazkia
Bruselan egin duten Europako Kontseiluaren talde argazkia. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy presidentea ez da 2012ko defizitaren malgutasunaz aritu ostegun honetan Bruselan egin duten Europako Kontseiluaren lehen jardunaldian, ''berau ez baitzen gaia lantzeko toki egokia''. ''Hau ez da hemen lantzen den gai bat. Niri ez dit inork galdetu. Gaia ez da ekaina arte itxiko, eta, beraz, arrazoizkoa eta zentzuzkoa dena oinarri hartuta egingo ditugu aurrekontuak'', esan du lehen eguneko goi-bilera bukatuta.

Gaur bertan gastu-muga eta 2012ko aurrekontuen oinarri izango den ildo makroekonomikoa onartuko du Ministroen Kontseiluak. Murrizketa berriak egon litezke.Zorroztasuna, Van Rompuy eta Serbia, lehen eguneko protagonistak

Ostegun honetan hasita, bi eguneko goi-bilera egingo dute Bruselan Europar Batasuneko gobernuburuek eta estatuburuek. Lehen jardunaldian zorroztasun politikaren alde egin dute berriz. Bileran,  hazkundea sustatzeko neurriak eta esparru ekonomiko berria aztertuko dituzte. Azken puntu horren ondorioz, baliteke herrialde batzuen defizit helburuak leuntzea. Edonola ere, eta Espainiaren inguruan galdetuta, hainbat buruzagi defizit helburuak jaistearen kontra azaldu dira.

Eurogunean langabezi mailak marka guztiak hautsi berri dituenean eta Grezian, Espainian era beste herrialde batzuetan Europak bultzatutako neurrien kontra deitutako protestak egin berri direla jarri da abian udaberriko goi-bilera hau.

"Enplegua sortuko duen hazkundea sortu behar dugu'', esan du Van Rompuyk. Lehen jardunaldi honetan bi urte eta erdirako Europako Kontseiluaren presidente izendatu dute berriz.

Serbia atxikimendurako hautagai ofiziala izendatu dute, baina, irailerako utzi dute Errumania eta Bulgariaren inguruko erabaki, Holandak jarritako betoaren ondoren.

Sarkozy gabe ekin diote bilerari, hauteskunde kanpainarekin Baionan zela bertan izan dituen istiluengatik berandu iritsi baita Bruselara.

De Guindos, negoziazio lanetan eurotaldearen bileran

Espainiaren defizit-muga malgutzeko negoziazio lanetan aritu da ostegun honetan Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasun ministroa Bruselan, eurotaldearen bileran (aurtengo defizita % 8,5etik % 4,4% jaistea behartzen duen neurrian malgutasuna eskatu du Espainiak). Maiatzerako espero du De Guindosek Bruselaren erabakia.

Adostutako muga 2,5 puntu gainditu du Espainiak, eta desbideratze horren arrazoiak, Gobernuak aurki onartuko duen gastu-mugaren nondik norakoak eta 2012ko aurrekontuen oinarriak azaldu dizkie De Guindosek euroguneko ekonomia ministroei.

"Zergak finkatzeko Espainiak ahalegin berezia egingo duela ziurtatu diet berriz; baina egoera aldatu egin da, denek dakite'', azpimarratu du ministroak.

Espainiak gaurkotutako egonkortasun plana Bruselara igorri ondoren hartuko dute bertan defizitaren inguruko erabakia. ''Maiatzean izango dugu erantzuna'', aurreratu du ministroak.

Greziaren bigarren erreskateari ez diote behin betiko baiezkoa eman

Euroguneko Finantza ministroek ez diote behin betiko baiezkoa eman nahi izan Greziaren bigarren erreskateari. Aurrera pausuak eman dituen arren, oraindik ere legedian aztertzeko neurriak daudela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea