Ekonomia -
Eusko Jaurlaritza
Maiatzerako hasiko da martxan kaleratzeak saihesteko zerbitzua EAEn
Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak azpimarratu du Gipuzkoako AHTren zatia 2016rako amaituta izango dela.
Erredakzioa
Iñaki Arriola Etxebizitza, Lan Publiko eta Garraio sailburuak iragarri du bi hilabete igaro aurretik hipoteken bitartekaritza zerbitzua martxan izango dela, hipoteka ordaindu ezin dutenen kasuak kaleratzeetan amai ez daitezen.
Arriolak hitzaldia eman du "Forum Nueva Economia-Tribuna Euskadi"k antolatuta, Bilbon. Bertan azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Justizia Sailak, Stop Desahucios elkartea, Justizia Administrazioko ordezkariak eta finantza erakundeak hipoteken bitartekaritza zerbitzua adostear daude.
Bezeroaren eta banketxearen arteko negoziazioak porrot egiten duenean emango den "bigarren aukera" izango dela azaldu du Arriolak. Akordio horretan kaltetutako familiaren gaitasun ekonomikoa kontuan izango omen da.
AHT
Bestalde, Garraio sailburuak azpimarratu du Gipuzkoako AHTren zatia 2016rako amaituta izango dela, aspaldi hartutako konpromisoari eusten diola, alegia. Era berean, Espainiako Gobernuak bere esku dauden Bizkaiko eta Arabako zatietako inbertsioak mantenduko dituela espero du.
PSE-EE Jaurlaritzara iritsi zenetik Gipuzkoako Abiadura Handiko Trenaren zatiak bultzada handia jaso zuela azpimarratu du Arriolak. Jaurlaritzara iritsi zirenean % 3,6 soilik omen zegoen martxan, eta 2012 amaierarako % 77 egongo omen da. Azaldu duenez, legegintzaldian 14 zati jarri dituzte martxan eta urtea amaitzerako 17tan hastea espero du.
Espainiako Gobernuaren esku dauden Arabako eta Bizkaiko zatiei dagokienez, urtarrilean Ana Pastor Sustapen ministroarekin bildu zela azaldu du, eta Gobernuak azpiegitura garatzen jarraitzeko "borondate politikoa" omen du. Hala eta guztiz ere, borondate hori "aurrekontuetan islatu" behar dela adierazi du.