Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
EBk ez du Espainiaren defizita 'berehala' berrikusiko
Defizitaren gaineko informazio osoa eta aurrekontuen inguruko datuak behar dituela azaldu du Europako Batzordeak. 'Martxoan aztertu ahal izango dugu Gobernua neurri eraginkorrak ezartzen ari ote den'.
Erredakzioa
Bruselak Espainiari 2012rako defizit helburu berria berehala ezarriko ziola uste zutenen asmoak zapuztu egin ditu astearte honetan Europako Batzordeak. Izan ere, defizit berria ezarri baino lehen, hori murrizteko Gobernuak ezarriko dituen fiskalitate neurriak aztertu nahi ditu Bruselak.
"2011n izan den desbideratzearen informazio osoa behar dugu lehenik, eta desbideratze horren arrazoiak. Ondoren, aurrekontuen proiektuaren informazio osoa ere behar dugu, eta fiskalitatea finkatzeko 2012rako neurri zehatzak'', esan du Olli Rehn Ekonomia Gaietarako komisarioak Europako Parlamentuan.
''Behin informazio hori eskura izanda, martxoan zehar aztertu ahal izango dugu erakundeen finantzaketaren oreka bermatzeko Espainia neurri egokiak hartzen ari den ala ez'', azaldu du Rehnek.
Atzo bertan jakin genuen Espainiako administrazio publikoek BPGren % 8,51eko defizitarekin bukatu zutela 2011, aurreko Gobernuak aurreikusitako % 6ren aurrean.
Gaur goizean, berriz, hurrengo egunetan Bruselak Espainiari defizit helburu berria zehaztuko diola esan du Antonio Beteta Administrazio Publikoetako estatu idazkariak, eta zenbateko berri hori gastu-mugan islatuko dutela. Izan ere, Espainiako Gobernuak ostiralean onartuko du 2012ko gastu-muga. Horretan, defizit publiko aurreikuspen berria gaineratuko dute, eta Estatuko Aurrekontu Orokorrak prestatzeko oinarria izango da.