Ekonomia -
Behin-behineko datuak
Jaurlaritzak % 2,54ean kokatu du 2011ko defizitaren datua
Aguirrek gogoratu du Espainiako Gobernuak Euskadiko behin-behineko defizita % 2,56an kokatu zuela, "Autonomia Erkidegoen batezbestekoaren azpitik".
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoak 1.672 milioi euroko defizitarekin itxi zuen 2011. urtea (Barne Produktu Gordinaren % 2,54), Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak baieztatu duenez. Horrez gain, 2011ko behin-betiko datua % 2,48koa izango dela aurreratu du.
2012ko defizitaren helmuga % 1,3an mantendu du Carlos Aguirrek. Bere ustez, datu hori bete egingo du Jaurlaritzak, eta ez ditu murrizketak beharrezkotzat jo.
Gobernu Bileraren ondorengo agerraldian, Aguirrek gogoratu du Espainiako Gobernuak Euskadiko behin-behineko defizita % 2,56an kokatu zuela, "Autonomia Erkidegoen batezbestekoaren azpitik".
Hala ere, datu horrek "oso informazio gutxi" ematen duela esan du Aguirrek, "hainbat kontzeptu bateratzen dituelako".
Aguirrek gogoratu duenez, datuak "behin-behinekoak" dira oraindik, eta behin-betiko defizita "seguruenik" txikiagoa izango dela azpimarratu du.
Horrez gain, Jaurlaritzak ordaindu gabeko "fakturarik" ez daukala nabarmendu du Ekonomia arduradunak eta defizit helburuak ezin direla "sakratutzat" jo gaineratu du.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak "oinarrizko zerbitzu publikoak" defizit mugaren aurretik jarriko dituela esan du Carlos Aguirre. Osasun sistema, hezkuntza edota enpresei eman beharreko laguntzak aipatu ditu.
Horrez gain, Carlos Aguirrek esan du defizitaren kopuru horretatik, 400 milioi "ezustekoak" direla eta ordainketak egindakoak geldituko den kopuruarekin kitatuko omen dira.
Aguirreren hitzetan, defizitaren inguruan sortutako arazoa "diru-bilketan" du oinarria, iaz 1.000 milioi euro gutxiago bildu baitziren.
Ondorioz, zergak aldakatzeko deia egin die berriro ere Foru Aldundiei, diru-sarbideak bermatzeko.