Ekonomia -
Ekimena
Nafarroako Parlamentuak lan erreforma arbuiatu du
Errefusatzeaz gain, PPri lanbide arteko gutxieneko soldata ez izozteko eskatu diote. Ekimena Bilduk bultzatu du eta PSNk, NaBaik eta Izquierda-Ezkerrak babestu dute.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak bi mozio onartu ditu bart PPren Gobernuak sustatutako erreforma laborala arbuiatzeko eta, bide batez, PPren Gobernuari Lanbide Arteko Gutxienezko Soldata eta Askotariko Errenta Adierazle Publikoa (IPREM) ez izozteko eskatu diote.
Erreforma laboralaren kontrako mozioak Bilduk bultzatu du eta eta PSNk, Nafarroako Gobernuko kidetako batek, NaBaik eta Izquierda-Ezkerrak babestu dute; eta PPk eta UPNk mozioaren kontra bozkatu dute.
Mozioan agertzen denez, Gobernu zentralak onartutako erreformak "atzerapauso soziala onartezina suposatzen du eta langileen eskubideak gogorki urratzen dituen bidegabekeria da".
Emaitza berdinak atera dituen beste bozketa bati esker, PSNk proposatu duen ebazpen bat onartu du parlamentuak; bertan PPren Gobernuari "Lanbide Arteko Gutxienezko Soldata eta Askotariko Errenta Adierazle Publikoa (IPREM) 2012rako ez izozteko eta eguneratu dezatela eskatu diote".
Horrez gain, ekimenean, Mariano Rajoyren kabineteari "LGS bataz besteko soldataren % 60ra gerturatzeko plana egiteko eskatu diote" eta beste bat "IPREM LGSrekin parekatzeko".