Ekonomia -
Ministroen kontseilua
Zuzendari publikoen oinarrizko soldata 105.000 eurora mugatu dute
Mariano Rajoyren Gobernuak onartutako Errege Dekretu honen bidez, enpresa ertainetako zuzendariek urteko 80.000 eurora mugatu dute, eta txikien kasuan, urteko 55.000 eurora.
Erredakzioa
Ministroen Kontseiluak 105.000 eurora mugatu du enpresa publiko handienen zuzendarien urteko soldata. Ondorioz, % 25-30 gutxiago kobratuko dute.
Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera, onartutako Errege Dekretuaren ondorioz, enpresa ertainetako zuzendarien muga 80.000 euroan izango da eta enpresa txikietakoena 55.000 euroan.
Hala ere, eta Saenz de Santamariaren esanetan, postu bakoitzeko osagarriak izango dira, "presidente baten eta zuzendari baten artean ezberdintasunak baitaude". Dena den, osagarriek ere muga bat izango dute, Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak jarrita. Horrez gain, erakundeko helburuen gauzatzean oinarritutako aldagarria ere izango dute.
Era berean, gauzaz ordaintzeko ohitura baztertu egin dute. Horrelakoetan ohikoa zen etxebizitza, mantenua, aseguruak eta antzeko gauzekin ordaintzea.
Aholkulari gutxiago
Gainera, enpresa publikoetako ehun aholkulari inguru kenduko dituzte, enpresa publikoek 15 baino ez dituztelako izango. Enpresa ertainen kasuan 12 izango dira, eta txikien kasuan, bederatzi.
Adibide moduan, Tragsa enpresak 22 aholkulari dauzka gaur egun eta aurrerantzean 15 izango ditu bakarrik.