Ekonomia -
Greba orokorra
Erreforma 'sarraskia' izango dela salatu dute sindikatu abertzaleek
ELA, LAB, ESK, EILAS eta EHNE sindikatuek greba orokor deialdia aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuan.
Erredakzioa
ELA, LAB, ESK, EILAS eta EHNE sindikatu abertzaleek martxoaren 29rako greba orokor deialdia erroldatu dute ostiral honetan, Bilbon eta Iruñean.
Ekitaldian aipatu sindikatuetako buruak izan dira, hala nola Amaia Muñoa (ELA), Ainhoa Etxaide (LAB), Belen Arrondo (EILAS) eta Jose Balmaseda (ESK).
Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusia ez da joan, ebakuntza egin berri diote eta.
Muñoak beharrezkotzat jo du greba orokorra egitea Espainiako Gobernuaren lan erreforma-ren aurka, "herrialde honetako langileen bizi-baldintzak defendatzeko". Izan ere, erreforma "sarraskia eta aurrekaririk ez duen eskubide galera" izango dela salatu du.
"Gure bide bakarra borroka kolektiboa da, lanean zein kalean. Ezinbestekoa da mobilizazioa, horregatik deitu dugu greba orokorra", azpimarratu du.
Horren ildotik, Ainhoa Etxaidek martxoaren 29an EAE eta Nafarroa "geldiarazteko" dei egin du.
LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, lan erreformaren helburua "soldatak jaistea" eta "prekarietatea muturrera eramatea" da. "Erreformak ez du beste helbururik, enpresaburuei eta patronalari dena eman diete, haien eskakizun historiko guztiak. Mende bat atzera egingo dugu lan harremanen esparruan, eta dena helburu bakar batekin, patronalak erabakitzea, lan baldintzen eta langileen bizitzen kontura aberasten jarraitzetzeko", adierazi du.
Etxaidek Iñigo Urkullu EAJko presidenteari ere erantzun dio. Buruzagi jeltzalea ez da bat etorri greba deialdiarekin, eta LABeko buruak esan dio Euskadik "gero eta antz handiagoa" duela Espainiarekin, "Europara begira egon beharko ginatekeenean".
Etxaidek ez du hitz egin nahi izan CCOOrekin eta UGTrekin batera grebara joateko aukeraz, eta lanuztea egiteko deia gizarte osoari oro har egin diotela argudiatu du. "Lanean jarraituko dugu gizarte osoak eta langile guztiek bat egin dezaten", erantsi du.
EAE eta Nafarroa, lehenak
Deialdi honekin, EAE eta Nafarroa lan erreformaren aurka greba orokorra iragarri duten lehen erkidegoak bihurtu dira.
Demokrazia berriz ezarri zutenetik, EAEn deitutako 12. greba orokorra izango da.