Ekonomia -
9 herrialdek egin dute behera
Moody's agentziak Espainiaren nota jaitsi du
Beste bost herrialderen kalifikazioak ere jaitsi ditu. Frantziari, Austriari eta Erresuma Batuari aurreikuspen negatiboa eman die.
Erredakzioa
Moody's agentziak Espainiaren eta Europako beste bost herrialderen kalifikazioak jaitsi ditu. Gainera, Frantziari, Austriari eta Erresuma Batuari aurreikuspen negatiboa eman die. Beraz, guztira, bederatzi herrialdek egin dute behera.
Agentziak berak iragarri duenez, ''Eurogunearen krisiak eragiten dituen finantza arriskuen ondorio dira nota hauek''.
Horrela, Espainiaren kalifikazioa "A1"tik "A3"ra jaitsi dute. Portugalenak, berriz, "Ba2"tik "Ba3"ra egin du behera (biak zabor bonoaren mailan).
Gainera, Esloveniaren eta Eslovakiaren zor publikoaren kalifikazioa "A1"etik "A2"ra jaitsi dituzte, eta Maltarena "A2"tik "A3"ra. Hiruen kasuan aurreikuspen negatiboa eman die Moody's agentziak.
Euroguneko estatuetan egiten ari diren erreforma ekonomiko eta fiskalek eragin duten kezkarengatik eta krisiari aurre egiteko baliabideen urritasunagatik jaitsi dituzte kalifikazioak, Moody'sek jakitera eman duenez.
Moody'sek Europako aurreikuspen makroekonomiko ahulak ere aipatzen ditu, herstura neurriak eta "lehiakortasuna sustatzeko beharrezkoak diren" erreformak kolokan jartzen dituelako.
Italiaren, Maltaren, Portugalen, Eslovakiaren, Esloveniaren eta Espainiaren kasuan, Moody'sek dio aurreikuspena negatiboa dela "datozen hiruhilekoetako finantziazio baldintzen ziurgabetasunagatik".
Austriari, Frantziari eta Erresuma Batuari dagokionez, "Aaa" edo ohorezko matrikula duten herrialdeak dira, baina aurreikuspena "egonkorra" izatetik "negatiboa" izatera pasa da.