Ekonomia -
Lan-erreforma
LABek bilerak eta manifestazioak deitu ditu lan-erreformaren kontra
ELAren ustez, Bañezekin bilduta, UGTk eta CCOOk “zilegitasuna ematen diete” erreforma onartu duten "ultrei”.
Redacción
LAB sindikatuak delegatuen bilerak eta manifestazioak deitu ditu lan-erreformaren aurka Gasteizen, Errenterian, Bilbon eta Iruñean, aste honetarako.
"Erreformaren aurka, inposaketen aurrean, burujabetza. Euskal Herriak lan erreformari ez!” leloarekin hasiko dira bihar protestak, Gasteizen, eta ostegunean bukatuko dira Bilbon, prentsa agiri baten bidez azaldu dutenez.
Ildo horretan, bihar delegatuen bilera deitu dute Gasteizen, 09:30ean, eta, ondoren, 12:30etik aurrera, manifestazioa egingo dute Alde Zaharretik.
Otsailaren 15erako, LABek antzeko ekintzak prestatu ditu Iruñean eta Errenterian. Hilaren 16an, protestak errepikatuko dira Bilbon, PPren egoitzaren aurrean.
Bestalde, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, CCOO eta UGT sindikatuek Fatima Bañez Lan ministroarekin lan-erreformari buruz eztabaidatzeko bilera egin izana "gardenak izaten ari ez direla erakusten du”, eta "zilegitasuna eman diete horrela "testu hori onartu zuten "ultrei".
"PPk gehiengoa eta CiUren laguntza dauzka, eta azken horrek greba legea aldatzeko eskatu dio, sindikatuek grebarik ez egiteko. Inork ez du espero, zentzu apur batez pentsatuz gero, erreforma egin dutenak aldatu egingo direnik", esan du ELAko idazkari nagusiak lan-erreformaz Onda Vasca irratian egindako eta Europa Press albiste agentziak jasotako elkarrizketan.
Muñozen iritziz, "hortik abiatuta, lizunkeria" da negoziazio mahai bat zabaltzea "erabaki horiek hartzen dituztenei zilegitasuna emateko baino ez baitu balio".
Muñozen esanetan, ELAk mobilizazioak areagotu ditu, eta hilaren 25ean Bilbon manifestazioa egingo dutela gogorarazi du.